Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Dieta alternatiboak: Paleo dieta

Azkeneko urteotan gehien hedatu diren beste elikadura-plan edo dieta alternatiboetako bat Paleo dieta deritzona da. Orain dela egun batzuk Keto dietari edo dieta zetogenikoari buruz hitz egin genuen; elikagai jakin batzuk mugatuta daude dieta horretan. Paleo dieta harago doa, eta historiaren etapa batera mugatzen du elikadura.

Zer da Paleo dieta?

Gizakiaren elikaduraren jatorrietara itzultzea proposatzen du dieta honek, eta elikadura duela milaka urte, gizakia ehiztaria eta biltzailea zenean, eskura zitezkeen jakietan oinarritzea: Paleolitiko garaikoan, hain zuzen ere (hortik datorkio izena).

Horrela, bada, haragia, arraina, frutak, begetalak, fruitu lehorrak eta haziak sartzen dira dieta horretan, eta mugatu egiten ditu nekazaritza eta abeltzaintza sortu izanaren ondoriozko jakiak: esnekiak, lekaleak, zerealak edo almidoi eta gatz kopuru handiko produktuak.

Dieta honen oinarrian dagoena da gure organismoa, genetikoki, modu naturalean dauden jakiak prozesatzeko egokituta dagoela. Prozesatutako produktu guztiak Paleo dietatik kanpo egongo lirateke, jakina.

Pisua galtzeko eta egungo gaixotasunei aurre egiteko dieta da, hala nola obesitateari, diabetesari eta gaixotasun koronarioari; izan ere, dietaren defendatzaileen esanetan, Paleo dietatik kanpo uzten diren elikagaiek eragiten dituzten gaitzak dira horiek.

Paleo dietaren abantailak

  • Prozesatutako produktuak baztertzen dira:Horrek azukre eta gatz kontsumoa murrizten du (hori dieta mediterraneo klasikoari ere aplika dakioke, lekaleak eta esnekiak baztertu gabe, gainera).
  • Glukosaren gaineko kontrola hobetzen du:diabetesa izateko arrisku txikiagoa.
  • Zeliakoentzako egokia: dieta horrek ez du glutenik.
  • Pisu-galera handiagoa: elikagai naturalek pisu-galera bultzatzen dute.
  • Asegarria:  begetalak eta proteinak kontsumitzeak murriztu egiten du gose-sentsazioa.  

Paleo dietaren desabantailak

  • Zuntz, bitamina eta mineral gutxiago hartzen dugu: lekalerik, produktu integralik eta esnekirik sartzen ez denez, zuntz, bitamina eta mineral kopuru txikiagoa hartzea ekar dezake horrek, hala nola D bitamina eta kaltzio gutxiago; eta horrek elikadura-osagarriak hartu beharra eragin dezake.
  • Profil lipidikoaren deskonpentsazioa:  animalia-jatorriko produktu gehiegi jateak LDLa (kolesterol txarra) handitu eta HDLa (kolesterol ona) murriztu dezake, eta arrisku kardiobaskularraren adierazleak dira horiek. Halaber, proteina gehiegi kontsumitzeak giltzurrunak kaltetu ditzake.
  • Garestia: animalia-jatorriko produktuak, fruitu lehorrak eta haziak dieta honek kanpo uzten dituen produktuak baino garestiagoak dira, oro har.
  • Mugatzailea:elikagai motaren bat baztertzen duten dieta guztiekin gertatzen den bezala, zaila izaten da dieta honi jarraitutasuna ematea, eta errebote-arriskua dago.
  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista