Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Brokolia: laranjak baino C bitamina gehiago, eta ortuari bikain honen beste ezaugarri batzuk

Brokoliarekin ez da erdibiderik izaten: edo oso atsegin duzu, edo gorroto duzu. Kruziferoen familiako barazki gehienekin gertatzen da gauza bera –azarekin, kalearekin eta azalorearekin, esaterako–, egosterakoan usain bizia jariatzen baitute, eta zaporea ere berezia dute, gustu guztietarako ez dena.

Eragozpen hori duen arren, brokolia supereligaia da, gure asteroko menuan egon beharrekoa. Neguko barazki honek organismorako ezaugarri onuragarri ugari eta mantenugai asko du, kasu askotan, ospe handiagoko beste elikagai batzuek baino gehiago (bere senide bimiaren baimenarekin).

Adibidez: Brokolia C bitamina gehien duten elikagaietako bat da, laranjak berak baino gehiago du (100 gramo bakoitzeko 87 mg C bitamina du; laranjak, berriz, 50 mg). 100 gramoko brokoli errazio batek pertsona heldu baten eguneko C bitamina beharrak ia osorik aseko lituzke.

Nabarmentzekoa da duen K bitamina (141μg, eguneko beharrezko kopuruaren bikoitza) eta kaltzio kopurua ere (56 mg), funtsezkoak direnak hezurren osaeran eta indartzean. Hain zuzen ere, landare-jatorriko kaltzio iturri bikaina da brokolia, oso gomendagarria dieta beganoetan.

Halaber, apenas duen koiperik (26 kcal) eta kolesterolik, eta proteina (4,4 g.) eta zuntz (2,6 g) dosi ona eskaintzen digu; horri esker, oso asegarria da. Mineralen artean, nabarmentzekoa da duen fosforo, burdina eta potasio kopurua ere.

Brokoliaren onurak

  • Bihotza babesten du: kolesterola kentzen laguntzen du eta hipertentsioa prebenitzen du.
  • Hezurrak zaintzen ditu: kaltzioari, fosforoari, magnesioari eta zinkari esker.
  • Begien osasuna zaintzen du: Zeaxantinari eta luteinari esker, begien aliatu bikaina da.
  • Larruazala hobetzen du: antioxidatzaileek –C bitaminak kasu– osasungarri mantentzen dute larruazala.
  • Heste-igarotzea hobetzen du: zuntza duenez, idorreria prebenitzen du.
  • Immunitate-sistema indartzen du: beta-karotenoari eta beste bitamina eta mineral batzuei esker.

Brokoliaz bete-betean gozatzeko trukuak

Aprobetxa itzazu ahalik eta gehien janari osasungarriaren estandarte honen ezaugarriak, aholku hauekin:

  • Ez egosi gehiegi: nahikoa dira bost bat minutu.
  • Ez bota ura: uretan gelditzen diren mantenugaiak berrerabili egin daitezke, pasta edo arroza prestatzeko; oso ondo datorkie brokolia jaki horiei, adibidez tagliatelle zinta eta barazki errezeta hau prestatzeko.
  • Lurrunetan, labean edo salteatuta: teknika hauek hobeto kontserbatzen dituzte brokoliaren mantenugaiak.
  • Puntu-puntuan: aukera itzazu kolore berde distiratsua duten eta tinko daudenak.