Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

BM Supermerkatuak

BM supermerkatu berria irekiko dugu Vallecasen

Gaur, ostirala, abenduak 1, BM supermerkatu berria irekiko dugu Vallecasen, Madrilen hedatzeko gure planarekin jarraituz. Supermerkatu hori abian jartzeko, 2,8 milioi euroko inbertsioa egin dugu, eta 24 lanpostu berri sortu ditugu eta, kalitatezko enpleguaren aldeko gure konpromisoari eutsiz, aurretiaz prestakuntza jaso dute langileek.

Peñaranda de Bracamonte kaleko 26. zenbakian dago denda, eta 1.200 metro koadroko azalerako saltokia eta bezeroentzako doako aparkalekua ditu. Produktu-aukerari dagokionez, tokian tokiko produktu freskoaren kalitatean, aukera zabalean eta zerbitzuan oinarrituta dagoen BM ereduaren erabateko isla izango da. Profesionalek artatutako harategia eta urdaitegia izango ditu, haragi-erretegi eta guzti, baita arrandegia ere, egostegia eta haztegia izango dituena. Sekzio bietan eskainiko ditugu tenperatura baxuan prestatutako platerak, kalitatezko sukaldaritza osasungarriaren aldeko apustua eginez, baita plater prestatu berriak ere, kontsumitzeko prest egongo direnak, hala nola arrozak, entsaladillak, txipiroiak, menestrak, kroketak… Halaber, fruta eta barazki erakusmahaia izango du dendak, produktuak norberak har ditzan, Madrilgo baratzeko produktuekin eta zuku egin berria prestatzeko makinarekin.

Produktu-aukera osatzeko, beste sekzio batzuk ere baditu denda berriak, hala nola ogi-labea, izoztutako produktuen sekzioa, ardandegia, elikagai osasungarrien sekzioa, lurrindegia, drogeria… Guztira, marka ezagunenetako eta geure markako 8.000 erreferentzia baino gehiago.  

Zerbitzuari dagokionez, erosketak egiteko erraztasun guztiak eskainiko ditugu; besteak beste, erosketak etxera eramateko zerbitzua eta Shop&Go zerbitzua. Azken horrek aukera ematen dio bezeroari erosketak adierazten zaion lekuan uzteko eta etxean bertan jasotzeko eta ordaintzeko. Astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 21:30era egongo da irekita supermerkatua, eta igandetan, 09:30etik 14:30era. 

Aipatzekoa da bezeroek BM Kontua egiteko aukera eta doako aplikazioa izango dutela, deskontuak, aurrezpenak, opariak eta haien erosketetarako abantailak lortzeko aukera emango diena. Abenduaren 1ean, 2an eta 3an, 30 eurotik gorako erosketak eginez gero, laban-sorta bat jasoko dute opari bezeroek.