Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Aholkuak

Beltzaran-kolore osasungarria

Udako hilabeteetan eguzkiarekiko esposizio handiagoa dugun arren, larruazala zaintzea urte osoan gogoan izan beharko genukeen ezinbesteko ohitura da. Eguzki-babes egoki bat erabiltzea da larruazala zaintzeko jarraitu beharreko lehendabiziko aholkua, baina ez da bakarra…

Ezinbesteko bost aholku

  • 1-Erosi krema urtero. Ez da erabili behar aurreko urteko eguzki-babesik edo eguzkitako kremarik, galdu egiten baitituzte dohainak.
  • 2-Aukera ezazu zure fototipoaren araberako SPF. Sei tipologia ezartzen dituen larruazal-sailkapen bat da (larruazal oso zuritik beltzaranera). SPF 15, 20, 30, 50 zenbakiek adierazten dute zenbat denbora egon ahal izango garen eguzkitan, erretzeko arriskurik gabe. Larruazal eta ile argiak baldin badituzu eta erraz erre ohi bazara, 30-50 babes-indizeko eguzkitako krema aukeratzea izango duzu onena.
  • 3-Baita egun lainotsuetan ere . Ez zaitez egun lainotsuez fidatu, izpi ultramoreek lainoak zeharkatzen baitituzte, nahiz eta zuk ez nabaritu berotasun handirik.
  • 4-Ordu erdi lehenago, eta bi ordutik behin errepikatu. Eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago eman behar da eguzki-babesa, eta bi ordutik behin eta bainu bakoitzaren ondoren errepikatu behar da.
  • 5-Edan ura. Hidrata ezazu zure organismoa ura edo zukuak maiz edanda, galera konpentsatzeko.

“Fotobabesle onak konbinatzea funtsezkoa da larruazaleko minbizia saihesteko”

“Larruazaleko kartzinomak larruazaleko minbizi motarik ohikoenak dira, 100.000 biztanle bakoitzeko 47 kasurekin 2020an*, Espainian. Batez ere 50 urtetik gorakoen artean agertzen dira, eguzkiarekiko esposizio handia izan duten pertsonetan bereziki.

Larruazaleko minbizi mota ezberdinak prebenitzeko, funtsezkoa da fotobabesle onak konbinatzea. Alde batetik, babesle fisikoak daude, hala bola UV iragazkidun arropa, hegal zabaleko kapelak eta eguzkitako betaurrekoak. Gaur egun, konposizioan UV iragazkiak dituzten ehunak daude. Aukera oso interesgarria dira eguzkiarekiko esposizio luzeko egunetarako, adibidez, mendira edo hondartzara joaten garenerako eta ur-kirolak egiteko.

Bestalde, fotobabesle kimikoak daude, hala nola kremak eta olioak. Garrantzitsua da larruazalean krema kantitate egokia ematea eta etengabe errepikatzea; gutxienez bi ordutik behin, edo bainuaren edo intentsitate handiko kirol-jarduera baten ondoren. Funtsezkoa da fotobabes biologikoa ere, hots, pertsonak berak eguzkiari aurre egiteko sortzen dituen defentsak, beltzaran-kolorea esaterako; eguzkiaren eraginez, melaninaren –larruazalari kolorea ematen dion pigmentu naturala– ekoizpena aktibatzen denean gertatzen da hori eta, hein batean, eguzki-erreduretatik eta minbizitik babesten du larruazala. Kontuz! Ohiko botika-tratamenduek eragina izan dezakete babes horrengan. Eta gogora dezagun larruazalak memoria duela eta, itxuraz ez erre arren, erradiazioa pilatzen joaten dela eta kalte zelularra existitzen dela".

*Iturria:AECC elkartearen behatokia

Maider Sierra, psikologoa.AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteko osasunerako prebentzio eta hezkuntza arloko arduraduna Gipuzkoan