Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Barbarina, elikadura orekatu baterako aukera egokia

Barbarina Mulidoen (Pertziformeak) familiako arraina da. Bi espezie daude: haitzetako barbarina (Mullus surmuletus) eta lohitako barbarina (Mullus barbatus), eta Atlantikoan, Kantauri itsasoan eta Mediterraneoan aurki daitezke.

Haitzetako barbarina (marradun barbarina edo “kasta oneko” izenarekin ere ezaguna) estimatuagoa da sukaldean, handiagoa izaten baita eta haren haragiak zapore biziagoa izaten baitu. Lohitako barbarina, berriz, txikiagoa da, ez du horren haragi trinkoa eta zapore suabeagoa du.

Koloreari erreparatu behar diogu espezie bi horiek bereizteko: haitzetako barbarinak zerrenda ilun gorria du begien parean hasi eta isatseraino; gainera, gorputz osoa zeharkatzen duten hainbat lerro horixka paralelo ditu. Lohitako barbarina, ordea, lisoa da.

10 eta 40 cm artekoak dira, eta kilo bat pisatzen dute gehienez.

Barbarinak dituen nutrizio-ezaugarriei erreparatuz gero, arrain erdi-gantzatsua dela esan dezakegu, arrain zurien eta urdinen ezaugarriak konbinatzen baititu.

Zergatik jan beharko nuke barbarina sarriago?

  • Balio biologiko handiko proteinak: Bi eratako aminoazidoz osatutakoak: aminoazido ez-esentzialak (gorputzak sintetiza ditzakeenak) eta esentzialak (dietaren bitartez eskuratzen direnak). Balio biologiko handiko proteinak dira aminoazido esentzial guztiak gure beharrak asetzeko adinako kopuruan dutenak, eta horien proportzio egokia du barbarinak.
  • Gantz osasungarri kopuru handia: Gantz-azido poliasegabe kopuru handia du, Omega-3 batez ere; gantz-azido horiek garrantzitsuak dira kolesterol-maila egokia mantentzeko eta, beraz, osasun kardiobaskular ona izateko.
  • B taldeko bitaminak: B6 eta B12 bitamina ugari du (100 gramo barbarinekin, B12 bitaminaren eguneroko beharra aseko dugu). Nerbio-sistemako zelulen mantenuarekin, energia-ekoizpenarekin eta globulu gorriak sortzearekin lotzen dira, besteak beste, bitamina horiek. Garrantzitsuak dira, gainera, nekea eta akidura murrizteko.
  • D bitamina: Gure D bitamina iturri nagusia eguzkiaren argitasuna den arren, elikagai batzuetatik ere eskura dezakegu, eta barbarina da horietako bat. Garrantzitsua da gorputzak kaltzioa eta fosforoa xurga ditzan eta, beraz, hezurrak eta hortz-haginak osasuntsu eta indartsu mantentzeko. Hala ere, berriki egin diren azterlan batzuek giharren eta sistema immunearen funtzionamendu onarekin ere lotzen dute bitamina hori.
  • Mineralak: Iodo, selenio, fosforo eta potasio kopuru handia da; besteak beste, tiroideak ondo funtziona dezan laguntzen dute mineral horiek, baita gorputza infekzioen eta herdoiltzearen aurrean babesten, hezurrak eta hortz-haginak eratzen eta giharren eta bihotzaren jarduera egokia mantentzen ere
  • Kaloria gutxi du: Kaloria kopuru txikiko arraina da barbarina  (100 kilokaloria baino gutxiago 100 gramo bakoitzeko); beraz, aukera ona da pisua kontrolatzeko edo galtzeko dieta baten testuinguruan.

Trinkoa eta zaporetsua da barbarinen haragia; beraz, erraza da plater goxo eta osasungarriak prestatzea. Egin ezazu proba: atera trontzoak barbarinei eta presta itzazu plantxan; gero, gaineratu baratxuriz, perrexilez, oliba-olio birjina estraz eta limoiz egindako ozpin-olioa. Zure platera osatzeko, presta ezazu entsalada berde bat eta, minutu gutxi batzuetan, afari orekatua izango duzu.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista