Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Babak: erraldoiak bezala hazteko lekale miragarriak

Seguru ezagutzen duzula Indaba magikoak; badakizu, ingeles jatorriko ipuin hura. Babarrun magiko batzuetatik sortutako landare ikaragarri handi batean gora igo ondoren, mundu magiko bat deskubritzen zuen mutiko batek, erraldoiz eta aberastasunez betetakoa.

Ipuin horretatik abiatuta, babez hitz egingo dugu; ipuinean kontatzen den dohain magikorik ez izan arren –eta, ziur aski, ez zara zerura iritsiko eta ez duzu aberastasunik aurkituko–, lekale horrek aprobetxatu beharreko onura ugari du organismorako.Gainera, Lekaleen Mundu Eguna ospatzen da otsailaren 10ean, beraz, une egokia da baba platerkada eder batekin ospatzeko… edo txitxirio, dilista, babarrun… platerkada batekin.

Leka forman osatzen diren fruituaren haziak dira babak, Vicia faba landaretik hazten direnak. Antzinako laborantza da (hain zuzen ere, orain dela 3.000 urte gizakia kontsumitzen hasi zen lehendabiziko lekaleetako bat da), eta Asia erdialdean dute jatorria.

Babak: lehorrak edo freskoak?

Baben berezitasun bat da duen nutrizio-osagaia aldatu egiten dela, kontserbazio-metodoaren arabera. Hau da, freskoak edo lehorrak jan. Oro har, karbohidrato, landare-proteina, fosforo eta magnesio kopuru ona eskaintzen dute; balio horiek handiagoak dira baba lehorretan.

Adibidez, baba lehorrek freskoek baino lau aldiz energia-eduki handiagoa dute (245 kcal/100 g eta 54,25 kcal/100 g, hurrenez hurren), eta sei aldiz landare-proteina gehiago (26 g eta 4 g) Karbohidrato kopurua ere handiagoa da baba lehorretan (% 55 ingurukoa, eta % 10ekoa freskoetan), baita zuntz kopurua ere (32 g eta 8 g); almidoia, zelulosa, hemizelulosa eta pektina dira gehien dituen osagaiak.

Bestalde, babek apenas duten koiperik eta, gainera, duten koipea asegabea da (koipe 'ona'). Koipeari dagokionez, koipe kopurua txikiagoa da baba freskoetan (0,4 g/100 g eta 2 g/100 g); beraz, aukera paregabea da pisua mantentzeko.

Kirolarien lekalea

B taldeko bitaminen iturri ona dira babak (B1 tiamina, B3 niacina eta B9 azido folikoa); bitamina horiek funtsezkoak dira nerbio-sistema ondo funtziona dezan; C bitamina ere badute (24 mg/100 g, zitriko baten ia erdia), eta horrek lekaleak duen burdina xurgatzen laguntzen du (No hem edo landare-jatorrikoa).

Mineralei dagokienez, duen fosforo (600 mg), magnesio (240 mg) eta potasio (1.390 mg) kopurua nabarmentzen dira; elementuok oso garrantzitsuak dira hezurren garapen eta zainketa egoki baterako, giharren kontrakziorako eta nerbio-bulkadarako. Beraz, jaki bikaina da kirolarientzako.

Gainerako lekaleek bezala, hesteetako ondoeza (haizeak) sor ditzakete babek, dituen osagai batzuen hartziduragatik. Bezperan uretan beratzen uztea, azala kentzea edo mantso jatea dira haizeak saihesteko trukuetako batzuk.

Goazen sukaldera!

Babak oso esker oneko osagaiak dira, eta prestatzeko modu asko daude. Are gehiago, freskotan gordinik jan daitezkeen lekale gutxietako batzuk dira. Lehortuta, izoztuta edo ontziratuta ere aurki ditzakegu, eta horietako edozein modutan daudela presta ditzakegu plater goxoak.

Dauden errezeten artean, nahaskiak, salteatuak eta gisatuak nabarmentzen dira, nahiz eta ondo datozen entsaladarako, edo haragiekin, arrainekin, barazkiekin, ortuariekin, patatekin edo arrozarekin batera zerbitzatzeko ere.Hain zuzen ere, zerealekin eta tuberkuluekin prestatuz gero, are handiagoa da baben proteinen nutrizio-kalitatea (horrela metionina defizita konpentsatzen da; metionina zerealetan eta tuberkuluetan dagoen aminoazido esentzial bat da).

Babak urdaiazpikoarekin izango da, ziur aski, lekale hau prestatzeko modurik ezagunena, azkarrena eta errazena.  Hainbat aldaera eta osagai ezberdin onartzen ditu, gainera, hala nola arrautza frijitua edo eskalfatua, urtsutasuna ematen diona. Eman iezaiozu zure ukitua errezeta honi!

Lau lagunentzako osagaiak

  • Kilo bat baba fresko.
  • Bi tipulin.
  • 150 gramo urdaiazpiko.
  • Oliba-olio birjina.
  • Gatza.

Nola prestatu

Babak aletuko ditugu. Zartagin batean, olio-zurrusta bat berotu, eta tipulinak botako ditugu, txikituta. Behin tipulina sueztitzen denean, babak eta gatz pixka bat botako dugu. Su motelean frijitzen utziko dugu bost bat minutuz, eta urdaiazpikoa gehituko diogu, laukitxotan moztuta. Beste pare bat minutuz frijitu ondoren, zerbitzatu egingo dugu.

Nola kontserbatu ondo babak

  • Freskoak erosten baditugu, lekak kurruskariak egon daitezela eta kolore berde distiratsua izan dezatela egiaztatu behar dugu. Ia lau egunez irauten dute giro-tenperaturan (leku lehor eta ilunean) eta astebete iraun dezakete hozkailuan.
  • Lehorrak baldin badaude, hainbat hilabetez kontserba daitezke, ontzi itxi batean.