
Aurtengo Halloween jaian familian egiteko hiru errezeta
Udazkenaren eta, zehazki, urriaren etorrerarekin, kuien, mamuen eta garezurren sasoi ilunean murgiltzen gara. Kozinatzea denbora pasatzeko modurik onenetakoa eta goxoenetakoa da eguraldi txarrak eta euriak kalera irtetea eragozten digutenean; horregatik, Halloweeneko hiru errezeta erraz eta dibertigarri dakarzkizuegu gaurkoan, etxeko txikienak ere diberti daitezen.
- 1. Momia itxurako saltxitxak
Errezeta hau egiteko oso erraza da. Hasteko, tira finetan moztuko ditugun hostore-xafla batzuk eta Frankfurt saltxitxa batzuk beharko ditugu. Saltxitxak hostore-tiretan biribilkatuko ditugu, goiko aldean aurpegia apaintzeko hutsunetxo bat utzita, eta labean sartuko ditugu 15 minutuz. Denbora hori igarotzen denean, saltxitxak atera egingo ditugu eta, tartetxo batez epeltzen utzi ondoren, begiak marraztuko ditugu, ketchup, maionesa edo mostaza pixka batekin.
- 2. Halloweeneko gailetak
Lehendabizi, gure gustuko gailetak egingo ditugu, kuia, mamu edo bururatzen zaigun beste edozein gauza beldurgarriren itxura emanda. Gailetak nola egin ez badakizue, jengibrezko gaileta goxo hauek aukera ezin hobea izan daitezke.
Glasatua egiteko, arrautza-zuringoak, azukre-hautsa (zuringo bakoitzeko 160 gramo), elikagai-koloratzailea eta limoi-zuku pixka bat beharko ditugu. Arrautza-zuringoak irabiatuko ditugu eta, zuritzen hasten direnean, azukre-hautsa botatzen joango gara pixkanaka, irabiatzeari utzi gabe. Azukre guztia botatzen diegunean, limoi-zukua gaineratuko diegu. Nahasketak testura krematsua duela egiaztatu ondoren, nahi ditugun koloratzaileak botako dizkiogu eta, ondoren, glasatua jalkitzen utziko dugu hozkailuan ordu erdiz. 30 minutuak igaro ondoren, pastelgintzako mahukan jarriko dugu, eta gehien gustatzen zaigun moduan apainduko ditugu gailetak!
- 3. Cake pop beldurgarriak
Txokolatea –nahi dugun erakoa–, makilatxo batzuk eta bizkotxo bat beharko dugu; bizkotxoa katilu batean papurtuko dugu (aurrez egindako bizkotxoren baten hondarrak aprobetxa ditzakegu), eta 50 gramo krema botako dugu (gurin- edo gazta-krema), 100 gramo bizkotxo bakoitzeko. Ondo nahastuko dugu, eta erabat integratuta dagoenean, bolatxoak egingo ditugu eskuz, eta plater edo azpil batean jarriko ditugu, ondoren ordubetez edo bi orduz hozkailura sartzeko.
Behin denbora hori igaro ondoren, Maria bainuan urtuko dugu gustukoen dugun txokolate pixka bat (zuria baldin bada, elikagai-koloratzailea jar diezaiokegu, kolore-ukitu bat emateko), eta makilatxoen muturrak sartuko ditugu, ondoren bolatxoetan barneratzeko eta berriz ere hozkailuan sartzeko, txokolatea gogortzen den arte. Jarraian, gainontzeko txokolatea urtuko dugu eta, behin epeltzen denean, txokolatetan bainatuko ditugu bolatxoak eta, gehiegizko txokolatea kontuz kendu ondoren, landare-paperez estalitako azpil batean jarriko ditugu bolak. Amaitzeko, apainketa-lanak faltako zaizkigu: laranja kolorekoak egin ditzakegu, adibidez, makilatxo berdearekin, kuia itxura izan dezaten, edo urdinak begi eta guzti, benetan beldurgarriak gera daitezen. Hamaika aukera dago!
Prest al zaude Halloween goxo baterako?
- ORDUZ KANPO
- ZAILTASUNA: TXIKIA
- DENBORA: 0-30'