
Gastronomia
Aste Santuko ohiko jakiak
Iristear dugu Aste Santua eta, oporretara joateko maletak prestatzeaz gain, mantala jantziko dugu sasoi honetako ohiko jakiak prestatzeko. Izan ere, ezin dugu Aste Santuaz hitz egin eta gastronomia alde batera utzi. Horregatik, etxe askotan tradizionalki zerbitzatu izan diren platerek ez dute haragirik izaten. Aitzitik, arraina da nagusi, baita zopak eta eltzekariak ere; asko kontsumitzen dira horiek sasoi honetan.
Aipamen berezia egin behar zaie gozo-gauzei. Torrijak dira Aste Santuko protagonista nagusiak, baina tokian tokiko beste hainbat gozo ere aurkituko dugu, zona bakoitzak baitauka bere azken-buruko bereizgarria.
Jarraian, egun hauetan ziur aski dastatuko dituzuen plater horietako batzuk xehatuko ditugu.
Bakailaoa
Esan bezala, haragia (gorria zein zuria) ez da Aste Santuan gehien kontsumitzen den produktua. Arrainez egiten dira plater gehienak, eta bakailaoa da erabiliena. Era askotara zerbitza dezakegu: sarrerako gisa, kausela forman edo birrinduta arrautzopilean; edo bigarren plater gisa, labean edo arrautza-irinetan pasatuta. Plater nagusia ere izan daiteke, gisatuan; esaterako, bakailaoa patatekin, edo baratxuri-zoparen lagungarri, errezeta honetan bezala.
Txitxirioak ziazerbekin
Barazkiz eta arrainez lagundutako eltzekariek ere presentzia handia dute. Ohikoenetako bat da txitxirioak ziazerbekin; horri ere gaineratu diezaiokegu bakailaoa edo arrautza egosia, egun hauetan sukaldean asko erabiltzen diren bi osagai.
Patata alargunak
Patata gisatuekin eta batere haragirik gabe prestatzen den platera da; horra hor bere izenaren nondik norakoa. Betiko errioxar erako patatak dira, baina txorizorik gabe; plater ezin hobea Aste Santurako.
Zopak
Aste Santua askotan udaberrian iristen den arren, hotz egin izan du eta, horregatik, neguko platerak dira erakargarrienak. Har ezazu koilara eta gozatu zopaz: baratxuri-zopa, tipula-zopa, arrain-zopa…
Torrijak
Aste Santua ez da gauza bera torrijarik gabe; azken-buruko nagusia da, zalantzarik gabe. Haurtzaroa gogora dakarkigun platera da; ez dago mundu honetan noizbait jaki gozo hori prestatu ez duen amonarik. Edozein etxetan aurki daitezkeen oinarrizko lau osagairekin prestatzen da: ogia, esnea, azukrea eta arrautzak. Oso erraza da!
Beste gozo batzuk.
Aste Santuaren bereizgarri nagusia gozoak dira. Eta ez torrija klasikoengatik bakarrik. Pestiñoak, hezurtxoak, hostotxoak, Pazkoakomona deritzona, erroskilak, esne frijitua… Eguberrietan ere ez dago horrenbeste gozo aukeran –askotariko gozoak eta turroiak egoten diren arren–, gauden zonaren arabera aldatzen baita.
Plater gozoak edo gaziak, baina guztiak tradizionalak. Aste Santua aitzakia ezin hobea da sukaldean gozatzeko, normalean prestatzen ez ditugun betiko errezetetako batzuk berreskuratuz.