Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Aquafaba: Horrelakoxea da beganoen 'arrautza'

Sukaldaritza beganoaren goraldiak era guztietako osagaien erabilera edo eraldaketa ekarri du sukaldaritzara, dieta hori dutenek jaten ez dituzten osagaiak ordezteko helburuz. Askotarikoak eta oso interesgarriak dira iraultza horren emaitzak eta aukerak: fruitu lehorrez egindako gaztak, tofu-hanburgesak eta arrautzarik gabeko maionesa, besteak beste(landare-edariz egina).

Errezeta beganoetan –edo alergikoentzako errezetetan– arrautza ordeztea da, hain zuzen ere, eztabaida gehien sortzen duena, eta arrautzari alternatibak aurkitzeko, beharrezkoa izan da asmamena ahalik eta gehien zorroztea. Aquafaba da aurkikuntza berrienetako bat; aqua (ura) eta faba (babarruna) hitzak elkartzetik sortutako hitz berria da, izan ere, lekaleak egosita lortzen den salda edo kontserba-potetan lekaleekin batera datorren likidoa da aquafaba.

Arrakasta itzela izaten ari da errezeta beganoetan, gozogintzan batez ere, duen testura arrautzarenaren oso antzerakoa baita eta oso ondo baitatorkie zuringoa harro-harro egin beharra eskatzen duten errezetei: merengeak, mousseak, bizkotxoak, opiltxoak, etab. Hau da, aquafabarekin “arrautzarenak ez diren” zuringoak harrotzea lortuko dugu, almidoirik, gelatinarik, agar-agarrik edo bestelako egonkortzailerik erabili gabe.

Zertan da aquafaba?

Txitxirioa da aquafaba lortzeko lekalerik onena, nahiz eta lor daitekeen babarrunekin edo babarrun zuriekin ere. Oso aktiboa da mugimendu honen inguruko komunitatea, eta beri ari da aquafaba eskuratzeko eta aplikatzeko esperimentatzen eta formula berriak partekatzen.

Erraza eta merkea da aquafaba lortzea (etxean ere egin daiteke*), eta hori lagungarria da aprobetxamendu-sukaldaritzarako. Ohikoena da kontserbako lekaleak erabiltzea, testura egokia izaten baitute. Hori bai, produktua modu naturalean dutenak aukeratzea komeni da, gehigarririk gabe eta ahalik eta gatz gutxienarekin.

Oinarrian, arrautza bezala erabiltzen da. Baina ondorengo baliokidetasunak kontuan izan behar dira:

  • 3 koilarakada aquafaba (45 ml) = arrautza bat.
  • 2 koilarakada aquafaba (30 ml) = zuringo bat.
  • 1 koilarakada aquafaba (15 ml) = gorringo bat.

Izoztu daitekeen osagaia denez (ez dira aldatzen bere egitura eta trinkotasuna), truku on bat da aquafaba-koskorrak prestatzea (3 koilarakada = izotz-molde bat), errezetarako behar ditugun “arrautzak” desizoztu ahal izateko.

Eta orain pentsatuko duzu: “ez al da nabaritzen lekale aroma?”. Bai, jakina, ez badiozu zaporea disimulatuko duen esentziarik botatzen (bainila, txokolatea, azukrea…), nolabaiteko lekale aroma izan dezake. Baina behin ontzen duzunean, oso nekeza egingo zaizu merenge begano bat eta ohiko bat bereiztea.

BM Supermerkatuetan, aquafaba egiteko lekalerik onenak aurkitu ditzakezu. Animatzen al zara osagai hau probatzera?

*Nola egin aquafaba etxean

Merenge trinko bat egiteko aquafaba proportzio perfektua lortzeko, onena da kalitatezko kontserba bat erabiltzea. Hala ere, zeure aquafaba etxean egin nahi baduzu, hona hemen jarraitu beharreko urratsak:

  • Jar itzazu txitxirioak gau osoan beratzen (txitxirio basokada bat / sei basokada ur).
  • Hurrengo egunean, aldatu ura (txitxirio basokada bat / hiru basokada ur) eta egos itzazu (50 bat minutuz).
  • Atera txitxirioak (bigunduta daudenean) eta utzi salda loditzen.
  • Utzi hozten eta sartu hozkailuan. Hotz-hotza dagoenean, erabiltzeko moduan dago dagoeneko.