Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Santiago Otamendiri elkarrizketa

Betiko angulak, inoiz ez bezala

Usurbil eta Orio lotzen dituen errepidean dago Aginaga, Oria ibaiak bustitzen duen ingurune paregabe batean, mendiez inguratuta. Angularen tradizioak egin du ezagun Usurbileko auzo hori, eta auzoak, belaunaldiz belaunaldi, izena eman dio angulari, jatun on guztiek hain gogoko duten produktu horri. Santiago Otamendik bizitza osoa eskaini dio ur gazitan eta gezatan bizi daitekeen eta sexuz ere alda daitekeen arrain txiki horri; aurrez, bere aitak, bere aitonak eta bere birraitonak egin zuten bezalaxe. Bere familiarekin eta inguru horretako gainerako adituekin batera eusten dio angulen tradizioari, Gipuzkoako ingurune txiki hau Espainiako mapa gastronomikoan kokatu zuen.

Aginaga esaten badut, berehala datozkit burura angulak. Nola bihurtu da leku hau produktu honen erreferentzia?

Oria ibaian, Aginaga parean, angula asko zegoen. Nire aitonak eta nire birraitonak arrantzaleak ziren. Angula harrapatu eta familian jaten zuten, baserrietan. Garai hartan hainbeste angula zegoen, non esaten zen txerriei ere ematen zitzaiela. Gero, nire aita eta nire izeba-osabak angulak merkaturatzen hasi ziren Gipuzkoan eta Bizkaian. Hor hasi zen Aginagako ospea indartzen.

Zein da angularen denboraldia?

Oraintxe da denboraldia. Ebro ibaiaren deltan eta Asturiasen azaroaren 1ean zabaltzen dute denboraldia, eta Frantzian azaroaren 15ean, lekuaren arabera beraz. Han lehenago amaitzen da denboraldia, betiere kontsumorako arrantza-kupoa noiz agortzen den kontuan hartuta. Gero, ibaiak birpopulatzera zuzenduko den angularen beste arrantza-kupo bat ere badago. Berez, ez dago denboraldia amaitzeko data jakin bat, kupoak betetzen direnean amaitzen da denboraldia, eta hori apirilean gerta daiteke, baita maiatzean ere.

Nondik dator angula?

Guk erabiltzen dugun angula Sargazoen itsasotik dator. Emeak itsaso horretan erruten du, eta bertan hiltzen da. Golkoko korronteak Atlantikoan barrena bultzatuta iristen dira kumeak bertara. Ibilbide horrek hiru urte inguru irauten du. Denbora horretan angula eraldatu egiten da. Hasiera batean, palmondo itxura du, eta, denborarekin, hegalak galtzen ditu eta guztiok ezagutzen dugun itxura hartzen du. Saldo handitan bidaiatzen dute, eta bidean harrapakari ugarik murrizten dute angula kopurua. Hala ere, angula asko egon da, eta asko dago.

Zer hartu behar dugu kontuan kontsumitu arte mantentzeko?

Garrantzitsuena da non erosiko dituzun jakitea. Horrek segurtasuna bermatuko dizu. BM supermerkatuetan erosten dituzunean, berme osoa duzu gure instalazioetatik ateratzen direla, eta bertan baldintzarik onenetan mantendu direla eta baldintza ezin hobeetan garraiatu direla eta jarri direla salmentan. Kontu handia izan behar da pagotxekin, bizitzaren gainerako arloetan bezalaxe. Kalitate urriko generoa dago, edo gaizki kontserbatutakoa, eta, produktu freskoa denez gero, oso arriskutsua da hori.

Azken galdera, zein da ezin hobe geratzeko sekretua?

Komeni da olio pixka batekin berotzea kazola, eta olioa irakiten egon gabe gorritzea baratxuria eta pipermina (pipermin kantitate txikia jarriko dugu, angulari zaporea ez jateko). Behin gorritu denean, kazola sutik aterako dugu, eta angulak botako ditugu. Sardexkarekin mugituko ditugu lurrezko kazolaren hondar-beroa har dezaten, eta noizean behin suan jarriko dugu. Berotzeko besterik gabe. Garrantzi handikoa da bero daudela jatea, prestatu eta berehala.

BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.