Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Zaindu ezazu zure burua

Zure larruazalarentzako eguzki-babesgarririk onena aukeratzeko 10 aholku

Eguzki-babesgarriak UVB eta UVA izpien aurkako babesa eskaintzen duten zainketa pertsonaleko produktuak dira. Bi eguzki-erradiazio mota horiek oso kaltegarriak dira larruazalera, epe laburrean zein epe luzean, eta hiperpigmentazioa (orbanak), foto-zahartzea, foto-sentsibilizazioa, inmunoezabatzea eta are, larruazaleko minbizia eragin ditzake.

Horregatik, oso garrantzitsua da eguzki-babesgarri egokia aukeratzea eta behar bezala erabiltzea. 10 aholku hauek kontuan hartzen badituzu, zeregin hori eguzkia hartzeko etzatea bezain erraza izango da:

  1. Har ezazu kontuan larruazalaren ‘memoria’:beltzarantzearen kontzeptu estetikoaren aurretik jarri behar dugu osasuna. Kontuan izan behar da eguzkiak eragindako kaltea haurtzarotik metatzen dela.
  2. Erabil ezazu eguzki-babesgarria egunero:hirian, hondartzan, uretan zein mendian, beti babestu behar dugu gure larruazala.
  3. Izan zaitez zuhurra: babesgarririk eraginkorrenek ere ez digute bermatzen erabateko babesa eguzki-erradiazioek gure larruazalerako dituzten arriskuen aurrean.
  4. Aukera ezazu zure larruazalerako egokia den babesgarri bat: foto-tipo argiagoko larruazala duten pertsonek eta haurrek 50 babes-faktoreko eguzkitako kremak erabili behar dituzte. Larruazal beltzaranagoa duten pertsonek 30 babeseko kremak erabil ditzakete, baina beltzaranak izan arren, ez lukete erabili behar 15 babes-faktoretik beherako kremarik.
  5. Izan zaitez oparoa: ez dugu eskasak izan behar foto-babesgarri kopuruarekin (pasatu gabe), eta ez ahaztu zona sentikorrenetan ematea: buru-larruazalean, aurpegian, lepoan, bizkarrean, belarrietan, baita oin-azpietan ere.
  6. Eman ezazu krema eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago: eguzkitan jarri baino minutu batzuk lehenago eman behar da eguzki-babesgarria, larruazalak krema ondo xurgatu dezan, eta bi orduz behin aplikatu behar da berriro, eraginkortasuna galtzen baitu hondarrarekiko, arroparekiko, toallarekiko eta pareoarekiko ukitze arinaren eraginez, baita izerdiaren eta uraren eraginez ere.
  7. Kontuz beltzarantzeko kremekin:Beltzarantzeko kremak ez dira foto-babesgarriak; egiatan, beltzaran kolorea biziagotzeko kosmetikoak besterik ez dira, ez dute larruazala babesten!
  8. Krema edo olioa? Biek baldin badute SPF bera, berdin dio:olioa erabil dezakezu gorputzeko larruazal edo atal lehorrenetan, eta emultsio edo krema arinagoak larruazal koipetsuetan. Badaude koiperik gabeko foto-babesgarriak ere aknedun larruazaletarako.
  9. Erabil itzazu filtro fisikoak larruazal oso zuria baldin baduzu: Foto-babesgarriek filtro fisikoak, kimikoak eta bien nahasketa bat izan dezakete. Filtro fisikoak, eguzki-pantaila ere baderitzenak (burdin oxidoa, titanio dioxidoa, mika, kaolina eta talkoa) ezin hobeak dira larruazal oso zurietarako eta hiru urtez azpiko haurrentzat.
  10. Eta filtro kimikoak larruazal oso sentikorra baldin baduzu:filtro kimikoak, organiko ere baderitzenak (mexoryl, zianatoak, tinisorb, PABA, benzofenonak) atseginagoak dira kosmetikoki, nahiz eta larruazal oso atopikoetan edo oso sentikorretan eta haur oso txikietan alergiaren bat ere eragin lezaketen.  30 minutura hasten dira efektua izaten.

Filtro kimikoak dira hedatuenak, eta foto-babesgarri askok bien nahasketa bat izan dute.

Eta, azkenik, eguzkitik eta berotik babesteko osasun-aholku batzuk gogorarazten dizkizuegu: saihestu eguerdiko eguzkia

  • Babes zaitez kotoizko elastikoak, txapelak edo biserak jantzita,
  • Edan likido asko
  • Erabil itzazu homologatutako eguzkitarako betaurrekoak
  • Eguzkitan egon ondoren, erabil ezazu larruazala hidratatzeko krema bat (After Sun)
  • Joan zaitez dermatologoarengana, batez ere orbanak, oreztak, orinak edo antzerakoak agertzen bazaizkizu.
  • Kontuz foto-sentikortasuna areagotzen duten botikekin. Zalantzarik baduzu, kontsulta iezaiozu medikuari.

Goza ezazu udaz modu osasungarrian!

Oin-azpiak: beti ahazten ditugunak

  • Eman ezazu eguzki-babesgarri ugari atalik sentikorrenetan: aurpegian, lepoan, bizkarrean…
  • Ez zaitez ahaztu 'ezkutuko’ ataletan edo ahaztu ohi ditugun ataletan krema emateaz, hala nola oin-azpietan, belarri-ostetan eta buru-larruazalean.
Marta aguirre   Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa