Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Mugi zaitez

Zergatik da yoga zure osasunerako aukera egokia?

Bizi dugun garai honetan, hiperkonektatuta gaude denok: 24 orduz gaude aurkitzeko moduan, posta elektronikoaren bitartez, mugikorraren bitartez, sare sozialetan… Astean zehar geure mugimenduei eta pentsamenduei eskaintzeko denbora bat hartzea guztiz suspergarria izan daiteke, gure osasun fisikorako zein mentalerako.

Eta yogari esker lor dezakegu hori; indarrean, malgutasunean eta arnasketan oinarritutako oso antzinako diziplina da, eta onura asko ekarriko dizkio gure osasun mentalari zein fisikoari, egoera emozionala ere kontuan hartzen duen ariketa fisiko mota baita. Jakin nahi al duzu zein dira onura horietako batzuk?

Yogako adituek diotenez –medikuntzako hainbat zentro eta unibertsitatetan egindako ikerketetan oinarrituta–, yoga maiztasunez egiteak bizi-kalitatea hobetzen du eta hainbat abantaila ekar ditzake:

Alderdi fisikoari dagokionez:

  • Hezurrak indartzen ditu, eta hainbat gaixotasun prebenitzen laguntzen du, hala nola osteoporosia eta artrosia.  
  • Malgutasuna eta artikulazioen mugikortasuna hobetzen laguntzen du. Egun osoz ordenagailuaren aurrean eserita lan egiten duzu? Saia zaitez yoga egiten, eta zure giharrak errazago luzatzen joango direla nabarituko duzu.
  • Ariketa aerobikoa denez, bihotza babesten du, presio arteriala murrizten eta bihotz-maiztasuna mantsotzen baitu; beraz, gaixotasun kardiobaskularren bat izateko aukerak murrizten ditu.
  • Zirkulazioa hobetzen du, eta gorputzeko zelulak oxigenatzen laguntzen du.
  • Zure indarra eta erresistentzia hobetu egingo direla nabarituko duzu.
  • Zeure mugimenduaz gozatzen lagunduko dizu.
  • Zure gorputza bizkortzen lagunduko dizu, eta pisua galdu nahi baduzu, errazago lortuko duzu yoga eginda.
  • Yogaren onura ezagunenetako bat: zure gorputzaren postura hobetzen du, eta bizkarreko arazoak arintzeko modu bikaina da.
  • Hantura murrizten eta min kronikoen efektuak arintzen laguntzen du.
  • Haurdun al zaude? Badaude haurdunei egokitutako posturak, giharren uzkurdurak saihesteko eta arnasketa eta estresa kontrolatzeko balioko dizuenak.

Alderdi psikologikoari dagokionez:

  • Meditazioa yogaren barruan egiten den ariketa da, eta zure arreta orainaldian jartzen eta arazoekin lotutako pentsamenduak aldentzen lagunduko dizu; era horretan, energia gehiagorekin eta aldarte hobearekin sentituko zara, izan ere, endorfinak liberatzen ere laguntzen baitizu.
  • Autoestimua indartzen du, bai eta mugak gainditzeko gaitasuna ere, zure aukerak desafiatzen dituzten posturen erronken bitartez.
  • Insomnioari aurre egiten eta hobeto lo egiten lagunduko dizu, yoga programa arinen bitartez, hala nola Hatha Yoga.
  • Burua bizkortzen du eta neuro-plastikotasuna areagotzen du.
  • Gaur egun oso ohikoak diren gaixotasun askori aurre egiteko egokia da (estresa eta antsietatea kasu), arnasketa mantso eta sakonaren bitartez.
  • Depresioaren sintomak murrizten laguntzen du.

Badago zuretako yoga mota bat…

Yoga barietate mordoa dago, pertsona bakoitzak dituen ezaugarrien edo beharren arabera, hobeto egokituko direnak: Ashtanga (zorrotza maila fisikoan), Iyengar (oso garrantzitsua da gorputzaren lerrokadura), Kundalini (mugimendu mantsoak eta izpiritualagoa), Vinyasa (mugimendu azkarrak eta musika), Anusara (tantraren printzipio filosofikoetan oinarritutakoa), Bikram (mendebaldekoa eta modernoa, Hatha (tradizionala), etab.

Teknika hau ikasteko yoga eskoletara joateaz gain, etxean ariketa fisikoak eta meditazioa egitea atsegin baduzu, hainbat aplikazio dituzu erabilgarri, hala nola Daily Yoga (Android / iOS) eta Yoga Guru (Android).