
Zaindu ezazu zure burua
Zaindu zure larruazala kuiatxoarekin eta azenarioarekin
Egunez egun, gero eta nabarmenagoa da uda-giroa. Udaberria aurrera doan honetan, gure larruazalaren egoera aztertu eta eguzki-izpiak eta urteko hilabeterik beroenetako tenperaturak baldintzarik onenetan hartzeko eta jasateko prestatu behar dugu.
Zeregin hori errazagoa irudituko zaizu, udaberrira larruazal ikusgarriarekin iristeko gure aholkuei jarraitu baldin badiezu. Artikulu hartan iradoki genizun erabil zenitzala azukrea eta banana larruazala esfoliatzeko eta jogurt- eta ezti-maskarak edo garagardoa eta arrautza-zuringoa erabiltzea larruazala argitzeko eta hidratatzeko; oraingo honetan, berriz, kuiatxoak eta azenarioak erabiliko ditugu.
Azenarioa, beltzaran-kolorearen erregina
Jakinekoa da azenarioak beltzaran-kolorea areagotzeko eta luzatzeko gaitasuna duela, A probitamina edo betakaroteno kopuru handia duelako. Zure dietan nahitaez egon behar den ortuaria da, hondartzara kolore pixka batekin iritsi nahi baduzu.
Gainera, krema natural modura erabil daiteke azenarioaren mamia (eman ezazu ordu erdiz, astean pare bat egunetan), larruazalak beltzaran-kolore polita har dezan. Baina, kontuz: ez ezazu ahaztu funtsezkoa dela eguzki-babes on bat erabiltzea zure larruazalaren osasuna zaintzeko.
Aknea prebenitzeko eta larruazaleko ildoak murrizteko ere balio du.Nahikoa da azenario batzuk 15 minutuz irakitea, birrintzea eta, behin pasta hori hozten denean, 20 minutuz aplikatzea.
Baina harago doaz azenarioaren onurak; osasunaren eta edertasunaren alorrean ere elikadura ideala da, batez ere gordinik jaten badugu, ilea, azazkalak, hortzak eta hortzoiak indartzeko. Bide batez, esan behar dugu mertxika dela larruazalerako eta ikusmenerako beste jaki on bat.
Kuiatxoa, larruazala freskatzeko eta hidratatzeko
Kuiatxoak ur kopuru handia du (% 97), beraz jaki ezin hobea da larruazala freskatzeko, elikatzeko eta hidratatzeko, dituen bitaminei, olio naturalei eta mineralei esker. Gainera, aknea prebenitzen –gehiegizko koipea murrizten du– eta eguzki-erredurak arintzen lagun dezake. Kuiatxoz eta kamamilaz egindako maskara erraz honek larruazal tinko eta leuna izaten lagunduko dizu.
Oso ona da aurpegian edo begietan kuiatxo-xaflak jartzea (ezin hobea da begietako poltsak murrizteko, begi-zuloak leuntzeko eta begiak freskatzeko); baina horrez gain, botere antioxidatzaile handia du kuiatxoak, A, C eta E bitaminak dituelako. Dietan sartzeko modurik errazena eta azkarrena entsaladatan, kremak edo zukuak egiteko erabiltzea da.
BM Supermerkatuetan aurkituko dituzu truku hauetarako fruta eta barazki onenak. Eta zuk, zainduz bizitzea aukeratu al duzu! Parteka ezazu!
Ba al zenekien…
- Azenarioen hostoek eta kimuek mantenugai asko dutela? mineral (potasioa, kaltzioa, burdina), proteina eta bitamina (sustraiak baino sei aldiz C bitamina gehiago dute) eta zuntz kopuru handia dute. Erabil itzazu zure errezetei ukitu bat emateko!
- Hobe da kuiatxoari azala ez kentzea: zuntz-iturri aberatsa da, eta betakaroteno eta K bitamina kopuru handia ere badu, besteak beste. Xaflatan mozteak eta gatza botatzeak arindu egiten du duen mikaztasuna, eta digestio errazagokoa da.