Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elkarrizketa

Tania Llasera: bizitzari hozkaka

Tania Llasera komunikatzaile eta idazleari elkarrizketa egin diogu, bere bizitzaren eta ibilbide profesionalaren errepasoa egiten duen ‘La vida a mordiscos’ bere hirugarren liburua argitaratu duela eta. “Gustuko dut nire bizitza, eta badakit ezin naizela jende guztiaren gogoko izan, baina bost axola”, diosku barrez.

Zure ibilbide profesionalaren ze unetan zaude? Zure liburuan diozunez, 40 urte beteta, zeure burua berrasmatu duzula.

Komunikazioaren mundua oso azkar ari da aldatzen, eta harekin batera neure burua aldatzen saiatzen ari naiz.  Pixka bat galduta nago, baina, egia esan, ez diot batere beldurrik aldaketari.  Inoiz baino askeago, helduago eta perfektuago sentitzen naiz. Bizitza hozkadaka iristen da, eta inoiz ez dizu ematen mastekatu dezakezuna baino gehiago.Eta ni aldaketa-hozkada batean nago.

Susmatzen al duzu zein bidetatik jarraitu nahi duzun? Telebistan lan egiten jarraitzeko gogoa al duzu?

Bai, telebista da nire komunikabidea eta gustatzen zaidana. Beti komunikazioan jarduteko asmoa dut. Neure enpresa sortu dut lagun batekin, eta gauza polit bat egitera goaz, baina ezin dut kontatu oraindik.

Eta, emozionalki, nola sentitzen zara?

Gustuko dut nire bizitza. Gozamen emozionaleko eta heldutasuneko fase batean nago. Nire bi semeak autonomoak dira eta gozamen hori are handiagoa da, ez baitut etengabe pixoihalak aldatzen ibili beharrik. Eta dagoeneko plan gehiago egin dezakegu. Beraiekin mendira joateko eta bidaiatzeko irrikan nago. Izugarri gustatzen zaizkit nire semeak. Eta oraindik gustuko dut nire senarra, eta hori, pandemiaren ondoren, oso garrantzitsua da [barreak].

Zer eman eta zer kendu dizu amatasunak?

Zalantzak kendu dizkit, beti egoten baikara pentsatzen ama izan nahi dugun edo ez, noiz den unerik egokiena... Terapia askoren beharra izan dut amatasunari aurre egiteko. Eta eman didana da maitasun ikaragarria, bizitzaren aurreko jarrera aldaketa bat, eta beldurrak ere ekarri dizkit. Oraindik aurreiritzi asko eta beldurra dago psikologoarengana joaten garela esateko. Asko estigmatizatzen da gaixotasun mentala, eta nahasketa sortzen du: erotzat jotzen zaituzte; jendeak nahastu egiten ditu psikiatrak eta psikologoak… Pandemiarekin, psikologo profesional batekin hitz egin ahal izateko aplikazioak sortu dituzte, baita anonimotasunez ere, hala nahi baduzu. Eta itzela iruditzen zait. Oso garrantzitsua da gure osasun mentala zaintzea eta, are gehiago, bizi izaten ari garena bezalako akidura pandemikoko egoera batean.

Burua baratze bat bezalakoa da; dena ondo landatuta eta ureztatuta egon behar da, izan ere, bestela, uneren batean nabarituko duzu. Ausarta da sufriarazten zaituen egoera batetik atera ezin zarenean laguntza eskatzea. Lagun bati edo apaiz bati eska diezaiokezu laguntza, baina, normalean, kasu gehiago egingo diozu pertsona neutro bati, batez ere, ordaindu egiten badiozu.

Tania Llasera

Ez al zaizu iruditzen, askotan, emakumeok geure buruaren etsairik handienak garela, geure buruarekin horren zorrotzak izanik?

Kapela asko dugu buru gainean: amarena, alabarena, bikotekidearena, lagunarena… Antzerako zerbait gertatzen da amatasunarekin; desagertu egiten zara, eta ahaztu egiten zaizu zer nahi duzun eta zerk egiten zaituen zoriontsu. Pandemiak erakutsi dit bakarrik egoteko denbora behar dudala, indarberritzeko eta neure burua ezagutzeko. Neure buruarekin konektatzeko, bakardade pixka bat behar dut.

Berriki elkarrizketa batean adierazi duzu ezin zarela jende guztiaren gogoko izan, baina ondo daramazula hori.Gauza bera esango al zenukeen orain dela 20 urte?

Ez. Nik neure burua ezagutzera eta maitatzera eraman nauen bidaia egin dut. Izan nuen lehenengo mutil-lagunak tratu txar psikologikoak eman zizkidan. Lur jota eta zokoratuta nengoen. Konbentzitzen zaituztenean ez zarela inor eta ez zarela argia, polita eta ez duzula ezer lortuko… Gogoratzen dut, izkina ilun hartan, nire buruari esan niola ez nuela inoiz gehiago onartuko inork horrelakorik berriz pasa araztea. Inoiz ere ez. Gizendu nintzenean eta jendeak eta komunikabideek bullyinga egiten zidatenean ere, neure buruari esan nion ez nindutela lur jota utziko. Ez dudalako nahi! Terapia asko ere egin dut, eta ohikoaz oso bestelako heziketa izan dut eta, tresna horiei esker, orain esan dezaket bost axola zaidala besteen iritzia. Jende guztiaren iritziak entzungo banitu, erotu egingo nintzateke; batez ere gaur egun, sare sozialekin.

Ezaguna izateak agorafobia nahasmendua eragin zizun.  Nola konpontzen zarete orain agorafobia eta zu?

Bat-batean iritsi zitzaidan ospea, eta ez nengoen prestatuta. Trabatu egin zitzaidan. Gero eta gehiago kostatzen zitzaidan kalera irtetea. Egia da orduan ez zegoela sare sozialik, baina argazkiak egiten zizkidaten paparazziak zeuden. Une deserosoa izan zen, ospea ez baita etortzen argibideen liburuxkarekin. Laguntza eskatu nion psikologo bati, eta zortzi urte egin ditut harekin; berak lagundu dit ama izan nahi nuela digeritzen ere. Telebista-saio batean, kamera aurrean, lanean ari nintzela ama izateko kemena izaten lagundu zidan, nik ez bainekien nola egin. Emakumeok izaten ditugun beldur asko gainditzen lagundu zidan; lana galtzeko beldurra, adibidez.

Tania Llasera

Liburuan kontatzen duzu zure amaldeko amonak –hil zen– mezu bat helarazi zizula Anne Germain igarlearen bitartez, liburu hau idatz zenezan animatuz.Pertsona izpirituala zarela diozu.Nola ulertzen duzu zuk izpiritualtasuna?

Izpiritualtasuna oso garrantzitsua da niretzat. Energia gara, eta ni oso karmikoa naiz. Uste dut unibertsorantz bidal dezakezun sentsazio on guztia bueltan etorriko zaizula. Eskerrak eman beharrean gaude bizitzak ematen dizkigun gauza on guztiengatik; besteekiko onak eta eskuzabalak izan behar gara. Nik haragitzean sinesten dut, aingeruengan, mamuengan… Mundu izpiritualean, ez diot ezeri ezetzik esango.

Zure bizitzako zein momentutan eta zergatik erabaki zenuen gorputz normatiboen aurka jarkitzea?

2014an Google-en bilaketa gehien izan zituzten albisteen artean laugarrena izan nintzenean, erretzeari utzi ondoren gizendu nintzelako. Nik, gainera, argal nengoenean baino hobeto ikusten nuen neure burua. Eta bidegabea iruditu zitzaidan prentsak eta gizarteak nire aurka egitea. Erakargarritasuna definiezina da, eta emakume eta gizon ederrak daude tamaina, formatu eta kolore guztietan. Ez dut ulertzen gizarteak zergatik inposatu nahi dizkigun 90-60-90 neurriak, hortzeria perfektua izan beharra… perfekzioa oso aspergarria da! Nire aitona eskultoreak txikitatik erakutsi zidan edertasunari beste modu batera begiratzen, eta jende normalak ikusten ez duen tokian ikusten dut edertasuna.

Instagramen ‘iragazkirik gabeko’ Tania baten aldeko apustua egiteak askeago bihurtu al zaitu?

Bai. Inoiz baino askeago sentitzen naiz. Nire ilea nire gogo-aldartearen isla da, eta aldatu egin dut, nire bizitzako beste gauza asko bezala. Bizitza etengabeko aldaketa da, eta hori zoragarria da, izan ere, a ze gogaikarria izango litzatekeen beti berdin eta perfektu egotea. Zeinen aspergarria den sare sozialetan dagoen iragazkien agindua!

Neska gazte asko bizi da sareetako haien irudiaren eta 'like'-en mende.Instagramen 700.000 jarraitzaile baino gehiago duen influencer-a eta ama zaren aldetik, ze aholku emango zenizkieke gurasoei, haien seme-alabak sareekiko mendekotasunean eror ez daitezen eta haien profilak modu sanoan kudea ditzaten?

Gaur egungo amok arazo berriak ditugu; adibidez, gure seme-alabek sare sozialekiko, mugikorraren erabilerarekiko… duten esposizioa. Oso zaila da aholkuak ematea. Adin sentiberako alabak dituzten amei esango nieke familian gauzak egiteko uneetan, bazkalorduan edo afalorduan esaterako, mugikorrak baztertu egin beharko liratekeela, elkarrekin kalitatezko denbora pasatu ahal izateko. Eta bizitza benetan bizi behar dela, ez bakarrik pantaila baten bitartez.

Aldizkako baraua al da orain zure lagunik onena?

Amatasuna oso bakartia da, eta lehenengo urteetan tunel ilun moduko batean ikusten duzu zeure burua, non ez duzun argia ikusterik lortzen. Ez dakizu noiz izango zaren berriro zu, desagertu egiten zara eta zeure burua ahazten duzu. Garai batean, janariarekin ordaintzen nituen hutsune existentzialak, zalantzak eta beldurrak. Konfinamenduak haurrekin etxean egoteko 56 egun oparitu zizkidan eta, konpromiso sozialik ez zegoenez, aldizkako baraua probatzera animatu ninduen, nire medikuak gomendatuta. Txikitatik kostatu izan zait gosaltzea eta urte luzez egin dut barau, horretan ari nintzenik jakin gabe. Datorren astean, hilerokoa etorriko zaidanez, ez dut barau egingo, ibuprofeno bat hartu nahi baitut, ez sufritzeko. Eta egunen batean gosaltzeko gogoa baldin badut, gosaldu egiten dut. Niretzat funtsezko aldaketa izan da, eta bizitza osoan jarraituko dut horrekin. Baina behin eta berriz esango dut mediku baten jarraipena izan behar duela.

Zein dira zure etxeko funtsezko elikadura-ohiturak?Transmititzen al diozu zure familiari elikadura osasungarria izateak eta kirola egiteak duten garrantzia?

Bai, nik astean hiru egunetan entrenatzen dut, eta nire senarra oso kirolzalea da. Lehen gehiago jaten nuen arren, beti izan naiz etxeko janariaren aldekoa. Urte asko dira janari azkarreko establezimendu batera joan ez naizela. Oso ondo jaten dut. Eta etxeko janaria eta dieta mediterraneoa bikainak dira.

Neuk ditudanetik, askoz hobeto ulertzen ditut seme-alabarik izan nahi ez dutenak.Nola da hori?

Amorru handia ematen dit ama izan nahi ez duten emakumeak estigmatiza ditzaten, eta muturrera bota diezaieten ez direla ari gizartean duten funtzioa betetzen. Oso pentsamolde zaharkitua da. Amatasunak bizitza iraultzen dizu, eta egunean 24 orduz izan behar zara ama, asteko zazpi egunetan. Ez du itzaltzeko botoirik. Eta, gainera, ama izan bazara ama izan nahi zenuela erabat seguru eduki gabe… Beste belaunaldi batzuetako jende askok seme-alabak izan ditu hori zelako egin beharrekoa, eta hori ez zait sanoa iruditzen, ez amarentzako, ez umearentzako. Duen estigma hori kendu behar zaio ama ez izatearen erabakiari. Ez da ezer gertatzen ama ez izateagatik, ez zara emakume eskasagoa horregatik. Alderantziz, iruditzen zait adimen handia erakusten duela norbere nahiak eta norbere buruari entzuten jakiteak.

Zeren beldur da Tania Llasera?

Nire semeei zerbait gertatzeak beldurtzen nau. Eta amonatxo bat naizenean, zenbait gauza ez egiteaz damutzeak. Ez diot beste ezeri beldurrik.

 Tania Llasera – La vida a mordiscos

LA VIDA A MORDISCOS: Recetas para rebeldes.

Tania Llasera bere bizitzako funtsezko uneen bitartez ezagutzeko liburua: estereotipoekin hautsi zuenekoa; zer den amatasuna berarentzat; norbere burua zaintzea, besteak zaindu ahal izateko; eta beste istorio asko, aurkezlearen alderdirik intimoenera hurbilduko gaituztenak.

 

TANIA BOST HITZETAN

1-IDAZTEA, TERAPIA GISA

“Nik beti irakurri izan dut asko, baina aitortu behar dut ama naizenetik oso gutxi irakurtzen dudala. Urte askoan idatzi ditut egunerokoak, eta orain liburuak idazten ditut. Gogoko dut, eta erlaxatu egiten nau. Gainera, ekarpenen bat egiten dudan sentsazioa ematen dit”.

2-BIZITZA HOZKADAKA BIZI IZATEA

“Bizitza hozkadaka jan behar da, hozkada handiak batzuetan, hozkada txikiak beste batzuetan eta, noizik eta behin, ezin daiteke jan, besterik gabe. Amonak beti esaten zidan bizitzak ez dizula ematen masteka dezakezuna baino gehiago. Horregatik  du izenburu hori nire azkeneko liburuak. Nire amonari eta familiako jakinduriari egin nahi diodan omenaldia da; ez bakarrik sukaldeko jakinduriari, baizik eta baita bizitzakoari ere".

3-EUSKAL AMAK

“Euskaldun jatorra naizen aldetik, matriarkatua bizi izan dut. Euskal amek izaera indartsua dute, eta pisu eta kemen handia erakusten dute familian. Ni, gainera, Cancer zeinukoa naiz, eta hori horoskopoan amatasuna da batik bat. Ezin dut ulertu bizitza nire senideak gabe”.

4-SORMENA

“Nire denbora librean dolce far niente praktikatzen dut. Musika entzun, lagunekin egon, bikotekidearekin film bat ikusi, barre egin, dekoratu, idatzi, zeramikazko gauzak egin… Bake handia ematen dit sormenarekin zerikusia duen guztiak. Eta naturarekiko kontaktuak, paseatzeak, itsasoan bainatzeak…”.

5-BORONDATEA

“Egunean hiru pakete tabako erretzeari uztea nire bizitzan egin dudan gauzarik onenetako bat da. Nik uste nuen erabat ezinezkoa izango zela, eta lortu nuen. Asko erretzen nuen. Baina ikaragarri lagundu zidan ama izan nahi izatearen motibazioak”.