Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Babesa

Real Sociedadeko Nahikarirekin hitz egin dugu

22 urte besterik ez ditu, eta Real Sociedad de Futboleko nesken taldeko jokalari Nahikari Garciak ez dio batere mugarik jartzen bere buruari. Berarekin hitz egiten egon gara minutu batzuez, eta bere taldeak aurten lortu duen arrakastarekin nola sentitzen den eta azkeneko urteotan nesken futbolak izan duen hazkundea nola ikusten duen kontatu digu. Gainera, kirolean elikadura egokia izateko bere sekretuak aitortu dizkigu. 

Gero eta handiagoa da gaur egun nesken futbolarekiko dagoen interesa. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Egia da asko hazi dela. Ni lehen mailara iritsi nintzenean ez zen partidu askorik transmititzen, ia batere komunikabidek ez zuen gure partiduez hitz egiten, sare sozialetan ere ez, futbol-zelaietan ez zen horrenbeste jende egoten, eta klubek ere ez zuten asko bultzatzen; azkeneko urteotan, baino, hazkunde esponentziala bizi izaten ari da eta, nire ustez, hazkunde handiagoa izan behar du oraindik.

Zer egin daiteke interes hori handitu dadin?

Azken batean, erreferenteak sortzea da garrantzitsuena. Ni txikia nintzenean, ez zegoen emakumezko erreferenterik, ez zitzaiolako arretarik eskaintzen nesken futbolari. Nik uste dut horren arabera mugitzen garela, erreferenteak behar ditugula, nori jarraitu izan beharra dugula. Ni aitarekin eta anaiarekin hasi nintzen, eta hasieratik izan nuen oso argi.

Nor zen, orduan, zure erreferentea?

Niri beti gustatu izan zait asko Raul Gonzalez. Eta, gero, Vero Boquete beti izan da erreferentziazko emakumezko futbol jokalaria Espainian, bera zen komunikabideetan ateratzen zena.

Nabaritu al duzu nolabaiteko oztoporik zure ingurunean, futbolari profesionala izan zaitezen?

Ez. Ni txikitatik izan dut oso argi, eta izaera handikoa naiz; niri ez dit inoiz inork batere eragozpenik jarri. Egia da komentarioak iristen zaizkizula, ‘zergatik ez zara ikasketetan zentratzen?’ eta antzerakoak, futbolaren munduan hasten diren mutilek entzun behar ez dituztenak, baina beno, azkenean norberak bere apustua egiten du, eta hauxe da nirea.

Aurten lorpen garrantzitsuak eskuratu dituzue, besteak beste, Erreginaren Kopa irabazi duzue; zer ekarri dizu horrek guztiak zuri?

Bizi izan ditudan gauzarik politenetakoa izan da; uste dut oraindik ez garela jabetzen horrek izan dezakeen pisuaz. Eta bai, zerbait garrantzitsua lortu dugu, baina hau ezin da hemen geratu, aurrera jarraitu beharra dago.

Zer esango zenieke gutxiengoa diren kirol batean hasten diren neska-mutikoei?

Bada, aurrera, sentitzen eta bizi badute, borroka dezatela beren ametsak lortzeko. Horretarako gaude, zoriontsu egiten gaituen hura lortzen saiatzeko.

Nazioarteko futbol-jokalari gazten honen elikadura

Nola zaintzen duzu elikadura? Denboraldian, beti zaintzen naiz asko, eta ordena bati jarraitzen saiatzen naiz. Udan, beti saiatzen gara ‘oporrak hartzen’ eta, nolabait, dietak pixka bat alde batera uzten.

Dieta zehatzen bat al duzu? Ez. Elikadura osasungarri eta orekatu baten jarraibide orokorrak errespetatzen ditugu.

Entrenamendu gogor baten edo partidu zail baten ondoren zure onera bueltatzeko truku bat: Beti saiatzen gara galdutako azukreak berreskuratzen. Beti izaten ditugu eskueran fruta eta edari energetikoak. Etxera iristen garenean, modu orekatuagoan jaten dugu. 

Ondoen ateratzen zaizun errezeta: Cous cousa barazkiekin.  

Zure platerik gustukoena: Patata-tortilla.

Muzin egin ezin izaten diozun gutizia bat Asko daude, jatun ona bainaiz. Baina txokolate beltza da horietako bat.

Desio pertsonal bat, eta Realeko jokalari gisa hurrengo denboraldirako duzun beste bat: Hazten jarraitzea, hobetzen jarraitzea, hazkunde horrekin jarraitzea. Badakigu oso garrantzitsua dela lortu duguna, ez da batere erraza titulu nazional bat eskuratzea. Desio pertsonalari dagokionez, taldeari gero eta gehiago laguntzea, gol gehiago sartzea.