Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Oporrak

Oporretara joan aurreko aholkuak

Oporretara joaten garenean, dena da alaitasuna. Azkenean iritsi dira horrenbeste merezitako atseden-egunak! Baina itzultzen garenean oso bestelakoak izaten dira kontuak; oporretatik itzultzeak estresa eragiten du batzuetan. Hori saihets daiteke, maletak aldean etxetik irten aurretik ondo antolatzen baldin bagara. Nahikoa da aholkutxo batzuk kontuan hartzea, bidaiari ekin aurreko egunetan; ikusiko duzu nola izango den askoz hobea itzulera.

Jan itzazu produktu galkorrak
Oso garrantzitsua da honda daitekeen janaririk ez uztea. Komeni da joan baino egun batzuk lehenago ondo begiratzea zer daukazun hozkailuan eta jakitegian. Horrela, asteko bazkariak eta afariak antolatu ahal izango dituzu etxean daukazuna erabilita, eta behar-beharrezkoa bakarrik erosiko duzu azkeneko egun horietarako.

Izoztuak
Hozkailua hutsik uztea komeni da, baina izozkailua aliatu bikaina izan daiteke oporretatik itzultzen zarenean. Zerbait bazkaldu edo afaldu beharko duzu itzultzean, ezta? Itzultzen zaren egunaren eta orduaren arabera, beharbada ez duzu erosketak egiteko astirik izango; beraz, saia zaitez izozkailuan zerbait uzten:haragia, arraina, barazki batzuk, are ogia. Beste aukera bat da oporretara joan baino egun batzuk lehenago zerbait prestatzea, hozkailuan utzi ezin dituzun jaki horiek aprobetxatuta, eta plater bat prestatuta uztea izozkailuan. Oso erosoa zure itzulerarako!

Zerbait jakitegian
Jaso itzazu iraungitzera doazen produktuak, baina saia zaitez lehorreko produktu batzuk uzten; oso ondo etorriko zaizkizu itzultzen zarenean. Barazki-poteak, pasta eta arroza, arraina kontserban (atuna, muskuiluak, sardinatxoak…); produktu horiek, oro har, iraungitze-data luzeagoa izaten dute, beraz, aurreikus ezazu era horretako produktuen erosketa bat oporretara joan aurretik.

Garbiketa
Kontua ez da etxearen garbiketa orokorrik egitea, baina etxea jasota uzten baduzu, halaxe aurkituko duzu itzulitakoan, eta horrek esan nahi du ardura bat gutxiago izango duzula. Ez ezazu utzi zigarrokinez betetako hautsontzirik, atera zaborra, ez ahaztu lur-garbitzailearen ontzirik ur zikinarekin… kontu txiki horiek kontuan hartzen badituzu, ez duzu etxea usain txarrez edo, are, zomorroren batzuekin aurkituko.

Senide, bizilagun edo lagunen bat
Saia zaitez etxea senideren edo lagunen baten ardurapean uzten, gorabeheraren bat gertatzen bada ere. Landareak ureztatu, arrainei jaten eman edo posta jaso diezazukezu. Komenigarria da norbait hurbil izatea, hori beti da lagungarri.

Eta orain, zeregin guztiak egin ondoren, prest gaude maletak hartu eta gure oporrez gozatzeko.

BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.