
Osasuna
Nola kendu aknea
Aknea azaleko hanturazko gaixotasun bat da, gehienetan nerabezaroan agertzen dena, nesketan nahiz mutiletan, eta mendekotasun hormonal handia du. Ez da batere erraza aknea prebenitzea, erdiko dermisean sortzen baita. Bestalde, behin lehenengo pikorta nabaritzen denean, aknearen aurkako tratamendu goiztiar bat has daiteke, eta, hala, arazo larriagoak saihestu. Baina aknea kentzeko jarraibideak eman aurretik, ezagut dezagun hobeto gaixotasun hori.
ZER DA AKNEA?
Sebo-guruinen hantura bat da, eta zaldar, papula edo pustula gisa ager daiteke, baita nodulu edo orbain bihurtu ere. Normalean aurpegian agertzen da, baina sorbaldetara eta bizkarrera ere zabaldu daiteke.
Lesioaren larritasunaren edo lesio-motaren arabera, bi akne-mota bereiz daitezke: akne arina, denbora-muga bat duena eta ondoriorik uzten ez duena, eta akne larria —adibidez, nodulu kistikoa eta akne konglobatua—, zeinak orbain nabarmenak uzten baitituzte eta oinarriko immunitate-arazoaren bati lotua egon baitaitezke.
Aknerik ohikoena akne soila edo akne arrunta da. Nerabezaroan sortzen da, eta T forman banatzen ; hau da, kopetan, sudurrean eta kokotsean. Nesketan, akne-mota horrek okerrera egin ohi du hilekoaren aurreko egunetan.
Akne soila helduetan agertuz gero, hormona-arazorik ez dagoela —esaterako obulutegi polikistikoa— aztertu beharko litzateke. Batzuetan, aknea berriz sortzen da haurdunaldian edo baita antisorgailuak hartzean ere.
AHOLKU OROKORRAK
- Dieta osasungarri bat egin
- Estresa saihestu
- Loa zaindu
- Ariketa fisikoa egin, batez ere aire zabalean.
- Ez erre, nikotinak aknearen arazoa luza baitezake.
- Koiperik gabeko xaboiekin garbitu aurpegia, goizean eta gauean.
- Ez erabili kosmetikorik eta makillajerik. Erabiliz gero, ez-komedogenikoak eta koiperik gabeak erabili.
- Ez ukitu eta ez atera zaldarrik.
- Ez egin kutis-garbiketarik aknea aktibo izanez gero. Epe laburrera hobera egiten badu ere, gero, baliteke hanturak okerrera egitea.
- Ez hartu eguzkia. Kutis-garbiketarekin bezala gertatzen da: hasieran, badirudi hobera egiten duela, eguzkiak azala lehortzen duelako, baina epe ertain-luzera okerrera egiten du. Eguzkitik babesteko krema ez-komedogenikoak eta koiperik gabeak erabiltzea gomendatzen da; aknea duten azaletarako bereziak dira.
AKNEAREN TRATAMENDUA
Aknea tratatzeko, espezialistarengana joatea gomendatzen da azalean lehenengo sintomak agertu bezain pronto, arazoa ez dadin luzatu eta ez dadin geratu kentzen zailak diren markarik.
Hasieran, aknearen tratamendua topikoa besterik ez da izango: xaboiak, kremak edo medikuak agintzen dituen prestakin bereziak, farmazian prestatzeko. Horrelakoetan, oso garrantzitsua da konstantea izatea.
Tratamendu topikoari erantzuten ez badio, ahotiko tratamendu bat egingo da. Fase horretan, zenbait aukera daude:
- ANTIBIOTIKOAK. Hasieran, baliteke berriro sortzea aknea, baina hori normala da. Pazientzia eduki behar da, eta ez etsi. Horrez gainera, tratamendua udan ez egitea gomendatzen da, botika horiek fotosentzibilizatzaileak baitira.
- ERRETINOIDEAK. Akne larriaren kasuan erretinoideak erabiltzeak bakterio-karga eta sebo-jariaketa murrizten laguntzen du. Baliteke azala eta mukosak lehortzea, eta beste sintoma sekundario batzuk eragitea. Zure dermatologoak zaindu behar ditu horiek. Haurdun gelditzea saihestu behar da, medikazio horrek fetuari kalte egin baitiezaioke.
- HORMONAK. Analisi-azterketa baten ondoren, beharrezkotzat joz gero, hormona-tratamendu bat agindu daiteke.
- TRATAMENDU MEDIKO-ESTETIKOAK. Badira beste tratamendu mediko-estetiko batzuk, hala nola peeling-ak, laserraren modura, marka horiek edo hiperpigmentazioak disimulatzen dituztenak.
Ikusten duzuen bezala, akneak badu konponbidea. Garrantzitsuena da gomendio orokorrei jarraitzea, ahalik eta lasterren hastea tratamendua eta konstantea izatea.
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |
BM supermerkatuetako parafarmazia-sekzioan aknea tratatzen laguntzeko hainbat markatako kremak nahiz esfoliatzaileak topatuko dituzu. Zalantzarik izanez gero, galdetu sekzioko arduradunaz, gehien komeni zaizuna aukeratzen lagundu diezazun.