Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Zaindu ezazu zure burua

Mosketa arrosa olioa

Mosketa arrosa olioa Antzinarotik dermokosmetikan asko erabiltzen den produktua da. Rosa rubiginosa Europako zuhaixka basatiaren hazietatik erauzten da; zuhaixka hori batez ere Erresuma Batuan lantzen da gaur  egun, baina Txilen eta Argentinan modu basatian hazten da. Bost petalodun loreak ditu, arrosa edo txuri-arrosa kolorekoak.

Halaber, olio preziatu hori Rosa canina deritzon zuhaixkaren fruituetatik –edo arkakaratsetatik– ere erauz daiteke; Rosa canina errosazeoen familiako zuhaixka arantzatsu igokaria da, Europakoa, Afrikako ipar-ekialdekoa eta Asia Mendebaldekoa jatorriz. Zuhaixka honen loreek ere bost petalo dituzte, arrosa kolore suabekoak.

Bi lore-barietate horietatik eskuratzen da kalitate oneneko olioa; rubiginosa barietatetik erauzten dena nabarmentzen da, bitamina eta gantz-azido kopuru handiagoa duelako eta, beraz, larruazala birsortzeko eta orbaintzeko ahalmen handiagoa duela, baina garestiagoa ere bada, Rosa canina zuhaixkatik erauzten denarekin alderatuta.

Mosketa arrosa olioa: benetan al da eraginkorra?

Lehenik eta behin, nabarmendu behar da arkakaratsek C bitamina kopuru handia duela, ahalmen antioxidatzaile handiak dituen bitamina. Horrela, eguzkiaren izpi ultramoreek eragindako kalteei aurre egiteko balio du; gainera, kolagenoa sortzen laguntzen du, larruazalaren hidratazioari lagunduz eta, ondorioz, zimurrak murriztuz.

Mosketa arrosa olio bat aukeratzerakoan, egokiena izango litzateke hotzean prentsatuta erauzitakoak lehenestea, beroaren eraginez deuseztatu egiten baitira osagai hidrodisolbagarri batzuk, C bitamina kasu.

A bitamina ere badu mosketa arrosa olioak. Bitamina lipodisolbagarri horrek ere eguzkiak larruazalean eragindako kalteetatik babesten gaitu; erretinoideak, hain zuzen ere, hiperpigmentazioa (eguzkiak eragindako orbanak) tratatzeko dermokosmetikan asko erabiltzen diren osagaiak dira.

Gantz-azido esentzialak ditu –hala nola azido oleikoa, palmitikoa, linoleikoa eta linolenikoa–, eta horiek ere larruazala hidratatuta, elastiko eta leun mantentzen laguntzen dute. Horregatik, mosketa arrosa olioa haurdunaldian erabil daiteke, ildaskak ager ez daitezen.

Polifenolak eta antozianoak ditu, hantura murrizten laguntzen dutenak; eta horri A eta C bitaminen ahalmen antioxidatzailea batuta, larruazala lasaitzeko efektua du hainbat prozesutan, adibidez, errosazea, psoriasia, ekzema eta dermatitis kasuetan.

Nola erabili mosketa arrosa olioa

Esan liteke era guztietako larruazaletarako dela egokia, baina lehen aldiz erabili behar baduzu, onena da produktua eskumuturrean probatzea, narritadurarik edo erreakziorik egiten ez dizula egiaztatzeko.  

Aurpegi osorako bizpahiru tanta aplikatu behar da, egunean behin edo bi aldiz, produktua bera bakarrik edo tantak krema hidratatzaileari gehituta, eta masaje suabe batekin, larruazalak erabat absorbatzen duen arte.

Landare-olio askorekin gertatzen den bezala, produktu fotosentikorrak dira; hau da, orbanak ager daitezke eguzkiak larruazalean ematen badigu. Horregatik, errutinaren azken urrats bezala, eguzki-babes bat aplikatzea gomendatzen da. Eta hori, gainera, beti egitea komeni da, eguzkia larruazala zahartzearen faktore nagusia baita.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista