
Sasoiko produktua
Mihi-arraina: moldakortasuna eta zaporea, arrain gutiziatueneko batean
Mihi-arraina soleidoen familiako arraina da: gorputz zapala eta obalatua du, eta buru txikia. Dituen ezaugarri bereizgarrienetako bat da begi biak buruaren alde berean dituela. Bitxia bada ere, jaiotzen direnean, begi bana izaten dute buruaren alde banatan, baina lehenengo hilabeteetan begietako bat mugitu egiten zaie, biak goiko aldean kokatzen diren arte.
Marroia da mihi-arraina eta, oro har, itsaso-hondoarekin kamuflatzea ahalbideratzen dioten orban ilunak ditu; hain zuzen ere, itsaso-hondoan arrastaka igeri egiten du, bere harrapakarietatik defendatzeko. 25 eta 45 cm arteko tamaina izaten du. Atlantikoan dago bere habitata, Kanariar Uharteetan hasi eta Eskandinaviara arte, nahiz eta Iparraldeko Itsasoan edo Mediterraneoan ere aurki daitekeen.
Arrain zurien taldekoa da, koipe-proportzio txikia baitu eta, erreboiloarekin batera, arrain zapal gutiziatuena da, sukalderako dituen dohainengatik. Martxoa eta apirila dira mihi-arraina kontsumitzeko hilabete aproposenak, baina urte osoan aurki dezakegu.
Zergatik da hain ona mihi-arraina?
- Koipe kopuru txikia:arrain zuria da eta, beraz, koipe-proportzio txikia du. Hala ere, omega-3 gantz-azido poliasegabeak ditu, odoleko triglizerido-mailak murrizten eta, dituen dohain hodi-zabaltzaileei esker, arteria-presioa erregulatzen laguntzen dutenak. Hainbat gaixotasun prebenitzen laguntzen du, hala nola 2 motako diabetesa eta, oro har, gaixotasun kardiobaskularrak.
- Kalitatezko proteinak:ez du animalia-jatorriko beste produktu batzuek adina proteina, baina proteina osoak dira, aminoazido esentzial guztiak baitituzte.
- Mineral kopuru handia:nabarmentzekoa da duen fosforo, iodo eta selenio kopurua. Fosforoa hezurretan eta hortzetan, zelula-hormetan eta material genetikoan dagoen osagaia da. Iodoa funtsezkoa da hormona tiroideoen sorkuntzarako, eta hormona horiek ezinbestekoak dira funtzio metabolikoetarako, hazkunderako eta, haurdunaldian, umekiaren garapenerako. Selenioa infekzioen eta erradikal askeek sortutako kaltearen aurrean babesten gaituen antioxidatzailea da; gainera, DNAren sorkuntzan parte hartzen du.
- B taldeko bitamina kopuru handia:B3, B6 eta B12 dira mihi-arrainean nabarmentzen diren bitaminak. B taldeko bitaminek energia eskuratzeko prozesuetan parte hartzen dute eta, gainera, osasuntsu mantentzen ditu nerbioak eta larruazala; B6 bitaminak, bestalde, globulu gorrien eta antigorputzen osaketan esku hartzen du. B12 bitamina edo zianokobalamina, azkenik, beharrezkoa da hazkundean, bai eta zelulen sintesirako, eritrozito eta globulu gorrienerako batez ere.
- Guztientzako arraina:Ideala da haurren zein adinekoen dietan sartzeko, digestio errazekoa kaloria gutxikoa eta zapore finekoa baita. Gainera, mihi-arrainaren xerrek apenas duten hezurrik.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |