
Elikadura osasungarria
Letxugari buruzko mitoak eta usteak:ez du gizentzen, ezta likido-erretentziorik eragiten ere
Argitalpen honetan, letxugari buruzko bi uste aztertuko ditugu, oso hedatuak biak ere. Marta Aguirre doktoreak, nutrizioan eta medikuntza estetikoan adituak, desmitifikatu egiten ditu uste horiek.
Gizendu egiten du letxugak, are gehiago gauez.
ZuntzeTan oso aberatsa denez, propietate onuragarriak ditu letxugak: heste-igarotzea erregulatzen eta idorreria gainditzen laguntzen du. Hala ere, zuntzetan aberatsak diren elikagai guztiak bezala, flatulentzia eta meteorismoa eragin ditzake. Hori dela eta, puztuago sentitzen dira pertsona batzuk, abdomen-perimetro handiagoa balute bezala, , baina airea besterik ez dute, ez dira gizentzen ari. Gizentzeak koipe-kantitatea areagotzea dakar, baina ezinezkoa da hori, kaloria gutxi baitu letxugak. Beraz, LETXUGAK EZ DU GIZENTZEN.
Abdomen-distentsioaren arazo hori arintzeko, hau gomendatzen da: kantitate handirik ez jartzea; zati txikitan ebakitzea, “Juliana” eran, aurredigestioa egiten laguntzen baitu, eta poliki murtxikatzea.
Bestalde, letxuga ozpinarekin maneatu ohi da entsaladan. Ozpina azido azetikoa da, eta azidotasun gastrikoa areagotzen du. Beraz, hiato-hernia eta errefluxu gastroesofagikoa dutenek kontu izan behar dute.
Limoi pixka batekin maneatuz konpon daiteke hori. Halaber, bazkarian kontsumitzea gomendatzen da, ez afarian. Afaltzean kontsumituz gero, oheratu baino gutxienez bi ordu lehenago jan behar litzateke beti, eta inoiz ez kantitate handitan; bestalde, ez da afari oparo eta koipetsurik egin behar, are gutxiago edari gasdunekin.
Batzuetan, estresa eta denbora falta direla medio, berandu iristen gara etxera, nahikoa bazkaldu gabe; hori dela eta, otordu nagusia egunaren azken orduetan egiten dugu. Baina ez da erabaki egokia, afariaren ekarpenak eguneko kaloria guztien % 15-25 izan behar baitu. Batzuetan, ordea, alderantziz egiten dugu. Gutxi afaltzea komeni da; hartara, lo gaudenean, organismoak bere erreserbetara jotzen du.
Asko afaltzeak zuzeneko lotura du koipea ekoiztearekin, gehiegizko pisuarekin eta obesitatearekin. Gainera, kaloria askokoa baldin bada afaria, handitu egiten da gizentzeko probabilitatea. Letxugak 12 kcal/100 g besterik ez du.
Letxugak likido-erretentzioa eragiten du
Letxugak, gainerako barazkiek eta frutek bezala, ur asko du, baina ur hori ez da gurekin geratzen betiko, eta ez digu pisua igotzen. Are gehiago, pertsona osasuntsuetan, alderantzizkoa gertatzen da. Letxugaren urak eta potasioak diuresia areagotu egiten dute, eta arazgarriak dira.
Batzuek diote letxuga edo barazkiak afaltzen badituzte betazalak eta hatzak puztuta jaikitzen direla, eta, gainera, eraztunak ez zaizkiela sartzen. Beharbada, honegatik gertatzen da hori: egunean zehar, beheren dauden eremuetan pilatzen da ura, grabitateak eramaten duen tokietan, hots, orkatiletan; hala, edema txiki bat sortzen da, edo urak ihes egiten du uhar baskularretik orkatilen inguruko ehun bigunera. Lo egitean, ordea, alderantzizkoa gertatzen da. Etzanda eta hankak altxatuta bagaude, ur hori birxurgatu egiten da hanketatik, eta ehuna laxoagoa den tokian kokatzen da: begi-zuloetan, hatzetan… Hala, egunez, likido hori zirkulaziora pasatzen da, giltzurrunaren iragazkia igarotzen du, eta gernu gisara kanporatzen da.
Oro har, kontsumitzaile osasuntsuetan, LETXUGAK EZ DU LIKIDO-ERRETENTZIORIK ERAGITEN; UR ASKO DUEN EDOZEIN ELIKAGAIK BEZALA, ARAZTEN ETA TXIZA EGITEN LAGUNTZEN DIGU.
Zuzeneko lotura du letxugaren kalitateak haren freskotasunarekin. BM Supermerkatuetako letxugak hemengo baratzeetakoak dira; goizean goiz ebakitzen dira, eta, handik oso ordu gutxira, goiz horretan bertan, gure supermerkatuetan egoten dira.
Udan, laborantza-zikloak 30 egunekoak izaten dira, eguraldia dela eta; neguan, berriz, 90 egunerainokoak. Hori dela eta, garai horretan, ez da beti aurkitzen dendetan hemengo letxugarik.
Gogoan izan gomendioak: bost anoa fruta eta barazki jan behar da egunean; beti produktu freskoak eta garaikoak kontsumitu behar dira, eta, orain, gure baratzeetako letxugaren txanda da!
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |