
Running
Korrika egitea haurrekin: noiz hasi?
Korrika egitea da egin daitekeen jarduera fisiko kardiobaskular onenetako bat; oso onuragarria da osasunerako (bihotza indartzen du, pisua murrizten du eta birika-edukiera hobetzen du, besteak beste) eta, duen alderdirik onena, ia adin guztietako jende ia guztiarentzako da egokia.
Eta haurrak ez dira kanpoan geratzen. Hain zuzen ere, jolastea eta korrika egitea gauza bera da beraientzako, eta ohikoa da txiki-txikiak direnetik hara-hona korrika hastea, orekari eusten ikasi ere egin baino lehen; haurrentzako, mundua abiadura bizian esploratzen saiatzeko jolas bat da.
Hain zuzen ere, korrika egiteak duen jolas izaera hori da gakoetako bat, umeak txikitatik zaletu daitezen, hazten doazen heinean. Eskolan egiten duten hezkuntza fisikoak ere lagunduko du haurren artean jarduera hori sustatzen eta egoneko bizi-estiloa izateko aukerak murrizten. Kirolen Kontseilu Gorenak (Consejo Superior de Deportes, CDS) egindako azterlan baten arabera, kirol-jarduera nabarmen murrizten da 12 urtetatik aurrera; horregatik, garrantzitsua da sustatzea, adin hori baino lehen zein adin horretan.
A priori korrika egitea haur batentzako jarduera gogorregia dela pentsa dezakegun arren, neurrian egiten bada, oso kirol gomendagarria da 5 urtetik aurrerako haurrentzako.
Presiorik gabe hobeto korrika egiten da
Hori bai, kontuan izan behar da adin horietan ez dela gomendagarria lehiatzeko berariazko entrenamendu gogorrik egitea, obligazio-sentimendua sortarazteko arriskua baitago, eta horrek edozein kirol-jarduera errefusatzea eragin lezake.
Korrika-saioak laburrak eta arinak izan behar dira: 500 eta 1.000 metro bitartekoak, oso erritmo mantsoan. Gainera, abiadura-norgehiagokak saihesten saiatu behar gara. Hala ere, sprint laburren bat egin dezakegu, betiere haurrari ulertaraziz jolas bat dela, eta arreta handiz zainduta egun horretan egin duten jarduera-dosia eta gainean izan dezaketen nekea.
Familian korrika egitea haurrentzako jarduera dibertigarria eta erakargarria izan dadin,beste aholku on bat da aire zabaleko espazioetan egitea: parke batean, basoan, hondartzan...
Hasieran aipatu ditugu korrika egitearen onura fisiko batzuk, baina badaude haurrentzako onura psikologikoak ere, korrika egitearekin eta, oro har, kirola egitearekin lotuta daudenak.
Ziur aski, horietako nabarmenena da bizi-ohitura osasungarriak izateko oinarriak ezartzen dituela: nola izan elikadura orekatua edo aldizka hidratatzea, esaterako. Ahalegina, konpromisoa eta motibazioa ere sustatzen ditu, bai eta frustrazioa eta estresa kudeatzeko estrategiak garatzeko gaitasuna ere.
Ikusten duzun bezala, ez dago aitzakiarik zure seme-alabekin korrika egitera ez irteteko. Hurrengo postean sakonago aztertuko ditugu haurrekin korrika egiteak dituen onurak, eta adinaren arabera egin daitezkeen ariketa eta errutina batzuen berri emango dizuegu.