Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Mugi zaitez

Kirolaren mitoak: gehiago izerditzeak argaltzen laguntzen du?

Transpirazioa edo izerditzea giro-tenperatura handiak, jarduera fisiko gogorrak edo tentsio psikologikoko une batek eragindako gorputz-tenperaturaren igoerari aurre egiteko mekanismo fisiologikoa da.

Hau da, gorputzak izerdiaren lurruntzearen bitartez erregulatzen du bere tenperatura; izerdia batez ere urez (% 98) eta gatz mineralez osatutako fluidoa da. Beraz, izerdiak berez ez du koiperik kentzen, eta horixe da benetan argaltzen gaituena.

Egia den arren, objektiboki, izerdituta pisua galtzen dela, gorputz-masaren murrizpen hori aldi baterakoa da, organismoak benetan kanporatzen duena ura baita, eta ura berriro hartu behar da kirola egiten dugun bitartean eta ondoren, batez ere kirola udan egiten denean.

Pertsona heldu batek, ordubeteko kirol-saio batean, 1,5 litro ur inguru gal dezake batez beste. Kontuan izanda galdutako likido kopuruaren % 80 gutxienez birjarri behar dela, hidratazioarekin izerdiarekin galdutako pisu ia guztia berreskuratzen da.

Kirol-jertse batek ere ez dizu argaltzen lagunduko

Esfortzu fisiko handiko kirola egiten badugu –muskulei dagokienez, zein esfortzu aerobiko handikoa–, distantzia luzeko lasterketak, igeriketa, txirrindularitza, spinninga, aerobica edo crossfita esaterako, pentsatzekoa den bezala, kaloria eta koipe gehiago kenduko dugu. Kontsumitutako energia horrek gorputz-tenperatura igoko digu eta, beraz, gehiago izerdituko dugu.

Baina, koipe gehiago erretzen ari al gara gehiago izerditzen dugunean? Litekeena da, baina jarduera fisikoaren ondorioz gertatuko da hori, eta ez gorputz-tenperaturagatik eta botatako izerdiagatik. Azken horiek, aldi berean, beste aldagai batzuen araberakoak izango dira, hala nola Gorputz-masaren Indizea (GMI) eta pertsonaren adina.

Inguruabar hori kirolaren eta izerditzearen beste mito batekin lotuta dago: kirol-jertsea jantzita entrenatzearekin, edo are, euritarako jaka batekin entrenatzearekin, tenperatura eta transpirazioa handiagoa lortzeko. Hori ez da gomendagarria, kaltegarria ere bada, deshidratazio azkarra eragin baitezake.

Beraz, kontuan izan beharreko aholku bat da kirol-arropa inguruabar bakoitzera egokitzea: giroa hotza edo beroa den, entrenamendua kanpoan edo barruan egiten den, etab.

Zer egin dezaket, orduan, koipea galtzeko?

Utz ezazu alde batera bizimodu sedentarioa, eta egin ezazu modu erregularrean jarduera fisiko moderatua, baina, batez ere, zain ezazu zure dieta, osasungarria izan dadin. Horiexek dira koipea kentzeko eta pisua galtzeko gakoak.

Kiloak galtzeko, ariketa aerobikoak dira egokienak: denbora luzez intentsitate moderatua behar duten ariketak.Adibidez: 30-90 minutuz ibiltzea, igeri egitea edo bizikletaz ibiltzea.

Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du astean 150 minutuz egitea jarduera fisiko moderatua (aerobica, igeriketa, futbola, boleibola, saskibaloia, etab.).

Elikadurari dagokionez, garrantzitsuena da dieta orekatua izatea –gogora ezazu hobe dela janaria eguneko lauzpabost jatordutan banatzea–, sasoiko produktu freskoetan oinarritutakoa: frutak, barazkiak, lekaleak eta arraina. Gainera, mugatu egin behar da koipe eta karbohidrato askoko elikagaien kontsumoa (azukreak).

Ba al zenekien…

  • Landareek ere ‘izerditzen’ dutela? ura sustraietatik hostoetara igarotzen da, eta fotosintesian esku hartzen du. Gehiegizko ura hostoaren kanpoko aldera pasatzen da lurrun modura; landare-transpirazioa deitzen zaio prozesu horri.