
Elikadura osasungarria
Kafea eta beroa: bateragarriak al dira?
Oso gustuko dugu egun euritsuetan ohetik altxatu eta kafe bero bat hartzea. Baina, udan, uko egin behar al diogu gure edari gogokoetako bati? Ezta pentsatu ere! Mila modutara presta daiteke kafea, freska gaitzan eta egun bero bati aurre egiteko behar dugun energia eman diezagun. Hona hemen ideia batzuk:
- Kafea izotzarekin. Klasiko bat da, eta beti sartzen da ondo. Etxean presta dezakegu, edo, kanpoan bazkaltzen badugu, edozein taberna edo jatetxetan eskatu. Inoiz probatu al duzu limoi-zurrusta batekin? Askorentzat, oso konbinazio ona da.
- Cold Brew. Kafe hotza prestatzeko beste modu bat da, eta gero eta gehiago ari da jartzen modan. Prestatzerakoan, ez da kafea berotu behar gero izotzarekin hozteko; izan ere, aditu askorentzat horrek ez du zentzu handirik eta propietateak kentzen dizkio. Modalitate honetan, kafe ehotua urarekin beratu behar da, giro-tenperaturan, 24 orduz, eta, gero, hozkailuan hozten utzi, beste hainbeste denboraz. Emaitza? Bere propietate guztiei eta aromari eusten dion kafea, kafe gozo-gozoa prestatu ahal izateko izotzarekin.
- Frappéa. Grezian du jatorria. Izotza darama, baina apar ugari du eta berehalako kafearekin egiten da. Ideia honetatik abiatuta, frappuchino ezagunak sortu dira, kafearekin eta esne-aparrarekin edo izozkiarekin eginak. Gainera, gozozaleek esne-gain harrotua bota diezaiokete gainetik, edo jarabea, nahi duten zaporekoa, baita Oreo motako gaileta-zatiak ere. Nola esan ezetz?
- Banilla-izozkiarekin. Askorentzat, nahasketa onena da, banillaren gozotasunak kafe hutsaren azidotasuna konpentsatzen duelako. Hain zuzen ere, affogato deituriko kafea horretan datza; hau da, banilla-izozkiko bola baten gainean kafe espres bat botatzea. Lan gehixeago duen beste modalitateren bat ere aukera dezakezu; adibidez, kafe- eta banilla-smoothie bat, esne-gain harrotua eta kakao-hautsa gehituta eta kopa altu batean aurkeztuta. Erabateko arrakasta izango da!
- Kafe-izozkia. Izozkiaren ideiarekin jarraitzen dugu. Baina, oraingoan, kafezkoa egitea proposatzen dizugu, etxean bertan, bizkor eta erraz. Makinarik gabe eginez gero, berehalako kafea, ura, irabiatzeko krema eta esne kondentsatua besterik ez duzu behar. Krematsua eta gozo-gozoa.
- Kafe-izotza. Hainbat eratara presta daiteke. Adibidez, jarri ura ontzi batean ur-koilarakada batzuekin, utzi egosten eta, gero, gehitu kafea. Nahasketa prest egotean, sar ezazu izozkailuan eta apurtu sortzen diren kristalak izotz-edariaren testura hartzen duen arte. Prest duzu!
- Kafe hotz vietnamdarra. Edari zoragarri honek esne kondentsatuarekin egiten den bonboi-kafearen ideia eta izotza duen kafearen freskotasuna konbinatzen ditu.
- Eta alkohol pixka bat gehitzen badugu? Mundu osoan, kafea prestatzeko modalitate askotan erabiltzen da alkohol pixka bat. Adibidez, kafe izoztua Karibeko erara ron-zurrusta batekin zerbitzatzen da. Brandydun kafe izoztuko likorea ere proba dezakezu, edo zerbait askoz ere modernoagoa: coffee tonic.
Kafezko izotz-zatiak?
Bai! Horrela, izotz-zatiak urtu ahala, pixkanaka gehituko zaizkio edariari kafearen usaina eta zaporea. Hau baino ez duzu behar:
- Kafea egin berria egotea.
- Edulkoratzailea nahierara gehitzea.
- Kafea izotza egiteko erretilu batean isurtzea.
- Kafe likidoa izoztea eta, izotz-zatiak egiten direnean, kafean gehitzea.
Oso erraza eta gozoa!