Gaztak
Jatorrizko Deituradun Kantabriako Gaztak
Kantabriar gastronomiak harro egoteko moduko produktu ugari dauzka eta artisau erara egindako gazta da horietako bat. Edo, gaztak, hobeto esanda, izan ere, Pas-eko Mendietan eta Europako Mendietan (Picos de Europa) bazkatzen duten behi, ahuntz eta ardien esnearekin Jatorrizko Deitura duten hiru gazta mota egiten baitira: Kantabriako Esnegain Gazta (Queso Nata Cantabria), Liebanako Gazta (Queso de Liebana) eta Picon Bejes-Tresviso Gazta (Queso Picon Bejes-Tresviso). Ezagutuko al ditugu hobeto?
Kantabriako Esnegain Gazta
Kantabriako Esnegain Gaztak edo Kantabriako Gaztak 1985etik dauka Babestutako Jatorrizko Deitura. Artisau erara egindako gazta hori kantabriar lurraldetan egiten dute, frisiar arrazako behiaren pasteurizatutako esnearekin. Azal biguna, leuna eta hezur-koloredun tonalitate horia dauka, barrualdeak bezalaxe. Gazta krematsua da, eta hortik datorkio bere izena; baina, aldi berean, sendoa da barrutik, zulotxorik gabea, ondo prentsatutako pastaduna eta erdi-egosia.
Oso gazta egokikorra da, azkenbururako, aperitibo gisa eta sukaldaritzako osagai gisa erabiltzen da.
Liebana Gazta
Liebanako gazta “quesucos de Liebana” edo Liebanako gaztatxoak bezala ezagutzen da, duten formatu txikiagatik. Izenak berak dioen bezala, Kantabriako Liebana eskualdean ekoizten da, Valle de Camaleon haranean batez ere, eta behiaren, ardiaren edo ahuntzaren esne pasteurizatuarekin egin daiteke. Batzuetan, bi edo hiru esne mota ere nahasten dira gazta mota hau egiteko.
Gaztatxo hauek zapore suabea izan ohi dute eta gurintsuak eta horixka kolorekoak izaten dira. Kantabriako Esnegain Gaztak ez bezala, Liebanako gaztatxoak prentsatu gabeko gaztak dira, barrualdean zulotxo batzuk izaten dituzte eta zurrunak izaten dira, azal fin eta lazdunak.
Gainera, ketuak zein ketu gabeak aurki genitzake; horregatik, eta esne mota ezberdinekin egiten delako, sukaldean era askotara erabiltzen dira. Freskoak direnean, gozogintzan eta entsaladetarako erabiltzen dira. Onduenak, berriz, ezin hobeak dira birrintzeko edo gainerretzeko, eta ketuak saltsak prestatzeko.
Picon Bejes-Trevisco Gazta
Picon Bejes-Trevisco Gaztaren ezaugarri nagusia bere kolore berdexka urdinxka da, beta zuriekin, eta bere usain bizia, Europako Mendietako kobazuloetan, 1.000 metrotik gorako altueran, hilabeteetan heltzen egon ondoren lortzen duena. Bere itxurak, usainak eta izenak berak ondo adierazten digute zelako zaporea izango duen, min eta gazi samarra; batzuek diote cabrales gaztaren antzerakoa dela. Esne ezberdinen (ardia, ahuntza eta behia) nahaste gordin batekin egiten da, horregatik, pasteurizaziorik ez daukanez, picon gaztaren gutxieneko heltze-denbora bi hilabetekoa izaten da.
Eta orain, ze gazta aukeratzen duzu? Ez da aukera erraza, ezta?