Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Mugi zaitez

Jakin ezazu zein den etxean entrenatzeko eguneko ordurik onena

Fisikoki eskain diezagukeenaz gain, jarduera fisikoa funtsezkoa da gure osasuna mantentzeko eta hobetzeko, bai eta gaixotasunak prebenitzeko ere. Guztiontzako eta edozein adinetan da beharrezkoa eta komenigarria egunean zehar ariketa motaren bat egitea, baina batzuk ez dute astirik izaten edo ez dute ariketa fisikoa egiteko eguneko unerik onena aurkitzen. Hala ere, ahalegin pixka bat eginda, ia beti aurki daiteke pixka bat entrenatzeko tarteren bat, eguneko errutinari ekin baino lehen edo ondoren. Oraindik ez dago guztiz argi zein den jarduera mota honetarako eguneko ordurik gomendagarriena, baina zientzialari gehienak datoz bat gauza batean: goizeko lehen orduan eta arratsalde-iluntzean izan daitekeela; hortaz, errutina oztopatu gabe, entrenamendu txiki bat egin daiteke eguna hasterakoan edo amaitzerakoan.

Ariketa fisikoa egiten ordua ziurtasun osoz zehaztu ezin daitekeen arren, ordutegi hori gure beharretara egokitu dezakegu. Pertsona bakoitzak bere erritmo zirkadianoa edo erloju biologikoa du, eta horren eta lortu nahi ditugun helburuen arabera, ordu bat edo beste izan daiteke eguneko entrenamendurako egokiena.

Norberaren jarduera handieneko unearen arabera (goiztiarrak edo gautxoriak), hobe izango da ariketa fisikoa goizez edo arratsaldez egitea, horrek baldintzatzen baitu hein handi batean bakoitzaren errendimendua.  Hala ere, bakoitzak dituen helburuak ere hartu behar dira kontuan. Zientzialariak bat datoz goizetan kirola egiteak pisua galtzen laguntzen duela, baita norbere erritmo zirkadianoa orekatzen ere.

Bestalde, kirola arratsaldez-gauez egiteak (jan ondoren egitea ez baita gomendagarria) ez du pisua galtzen laguntzen, baina bai indarra eta muskulatura hartzen. Aldiz, ordu horretan kirola egiteak lo-kalitatea kaltetu dezake eta erloju biologikoa nahastu; horrenbestez, lotara joateko ohiko ordua baino gutxienez bi ordu lehenago amaitzea komeni da, loari modu negatiboan ez eragiteko.

Aukera bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak; horregatik, komunitate zientifikoak ez du lortzen ados jartzerik ordurik onena finkatzerakoan, baina zientzialari gehienak datoz bat ariketa fisikoa guztiontzako onuragarria dela adierazterakoan. Horrela, bada, kasu hauetan onena da norberak balora dezala gehien komeni zaiona, eta egokitu dezala entrenamendua bere errutina motaren eta beharren arabera.

 

Eta zuk zer nahiago duzu, kirola goizez edo gauez egitea?