
Haurtxoak
Haurtxoen motrizitatea lantzeko 6 ideia
Hazkuntza-prozesuan haurtxoek bizi izaten dituzten faseen artean dago motrizitate finaren garapena. Haurtxoei lan zehatzak –batez ere besoekin, eskuekin eta hatzekin– egitea ahalbideratzen dien motrizitatea da motrizitate fina, begi-eskuen koordinazio eta neurologiko berezia eskatzen duena.
Trebetasun hori garatzea oso garrantzitsua da ikaskuntzarako eta adimena garatzeko. Motrizitate finaren bitartez hasten dira haurtxoak ingurunea deskubritzen eta inguruan dituzten objektuekin esperimentatzen: objektuak manipulatzen, oratzen, jartzen, jaurtitzen, etab. Hazi ahala hobetzen dituzten jarduerak dira.
Psikomotrizitate fina bultzatzera eta perfekzionatzera bideratutako proposamen ugari dago, eta jolas modura planteatzen dira jarduera gehienak. Era horretan, dibertitzeaz gain, haurtxoek eskuak eta hatzak trebatzen dituzte eta, aldi berean, ikusmenaren eta eskuen arteko konexioa lantzen dute. Hauexek dira jarduera horietako batzuk:
Eskuekin jatea (Baby-Led Weaning)
Baby-Led Weaning delakoa eskuen trebetasuna estimulatzeko lanik onenetako bat da. Bere elikadura kudeatzen ikasteaz gain, matxarda mugimendua trebatzen du haurtxoak, hatz erakuslearekin eta hatz lodiarekin. Hazten joan ahala –eskuarki 12/18 hilabetetik aurrera–, bere koordinazioa hobetuko duten mahai-tresnak sartzen joan gaitezke.
Trazuak egitea
Nork ez du jolastu noizbait hatzarekin edo beste elementuren batekin hondarretan marrazkiak eginez? Bada, baduzu zure haurtxoei erakusteko ideia bikain bat! Nahikoa da mahai-gainean irin edo gatz pixka bat botatzea, eta baduzu Velazquezek edo Picassok nahiko luketen mihise bat.
Hatzekin margotzea
Margoez ari garelarik, jarduera dibertigarrienetako bat eta txikien sormena pizteko egokienetakoa dena hatzekin margotzea da.Lagun iezaiezu hasieran eta, gero, utzi esperimentatzen. Hori bai, presta zaitez labadora martxan jartzeko J. Haurrentzako margo bereziak dauden arren, zeuk ere egin ditzakezu margoak etxean, irina, gatza, ura eta jakientzako koloratzaileak erabilita.
Plastilina manipulatzea
Ia haur guztiei gustatzen zaien jolas unibertsala da. Ikaragarri gustatzen zaie plastilina zanpatzea eta figura geometrikoak moldatzea. Nagusitxoagoak direnean, elementu zailagoak egin ditzakete: panpinatxoak, kotxeak, etxeak… Egin iezaiozu ‘modelo’ bat, eta kopia dezala... a zelako erronka! Bestela, buztina ere egin dezakezu etxean, sodio-bikarbonatoz, arto-irin finaz eta urez.
Puzzleak eta ahokatze-jolasak
Begi-eskuen arteko konexioa eta konexio neurologikoa sustatzen duten jostailu tradizional mordoa dago. Guk geuk ere fabrika ditzakegu horietako asko, hala nola zentzumenen edo "altxorren" saskiakedo figura geometrikoen puzzleak eta ahokadura-jolasak. Eraikuntzako blokeak ere interesgarriak dira, nahiz eta, egia esan, etxeko arriskurik gabeko edozein gauzak balio diezazuke motrizitate fina lantzeko: kaxak, matxardak, poteak, etab.
Mimika
Mimika da eskuen eta hatzen mugimenduak estimulatzeko beste aukera bat; hobe, gainera, abestuz egiten bada! Animalien mugimenduak (lehoia, katua, txoria…) edo ekintzenak (edalontzi bat hartzea, pianoa edo tronpeta jotzea, hatzekin zenbatzea…) imita ditzakezu. Jarri martxan irudimena!
Eta ezertxo ere falta ez dagizun, BM Supermerkatuetan aurki ditzakezu zure haurtxoa zaintzeko eta elikatzeko produkturik onenak.
Haurtxoaren motrizitate finaren fase nagusiak (0-24 hilabete)
- 0-2 hilabete: oraindik ez ditu eskuak kontrolatzen. Erreflexu oratzailea du (eskuaren ahurra ukitzerakoan, itxi egiten du eskua modu inkontzientean), baina desagertu egiten da bost bat hilabeterekin.
- 2-5 hilabete: begia-eskua koordinazioa garatzen hasten da, eta eskura dituen gauzak oratzen saiatzen da (objektuari begiratuta, baina ez bere eskuei: ‘irismen-maila gorena' deritzona).
- 6-9 hilabete: nahiko erraz eusten ditu objektu arinak (ahur-oratzea), eta oratzea lortzen dituen objektuak kolpatu edo ahora eramaten ditu.
- 9-12 hilabete: esku osoarekin ukitzen ditu objektuak, esku batetik bestera pasatzen ditu, eta hatz erakuslearekin bultzatzeko gai ere bada.
- 12-24 hilabete: hatz erakuslearekin eta lodiarekin matxarda egiten ikasten du; horri esker, objektuak nahita hartzeko, manipulatzeko eta lurrera erortzeko uzteko gai da. Pixkanaka, beste ekintza batzuk ere egingo ditu, hala nola liburu bateko orrialdeak pasatzea edo paperean zirriborroak eta irudiak marraztea.