
Ingurumena
Haurrekin berrerabiltzea eta birziklatzea
Birziklatzea haurren jolasen artean sartzea txikitatik ingurumenarekiko errespetuan hezteko modua da. Geure jolasak sor ditzakegu hondakinak berrerabilita; horrela, jolas berri horiekin dibertituko gara, baina baita sortzen ari garen bitartean ere. Hona hemen uda honetan praktikan jar dezakegun zenbait ideia.
Txalupa ekologikoak
Sasoi honetan, askotan joaten gara hondartzara eta igerilekura, eta zer hoberik, uretan jostatzeko txalupa txiki batzuk eramatea baino. Oinarria egiteko, esne-brickak, xanpu poteak, kortxoak edo espartzuak erabil ditzakegu. Bela egiteko, berriz, kartoia, eva goma edo oihala. Hemen kontsulta ditzakezue aukera anitzak.
Frisbee-ak
Aire zabalean jostatzeko beste jarduera dibertigarri bat frisbee-ak dira, hondartzarako zein mendirako egokiak. Bil itzazu kartoizko edo plastikozko erabili eta botatzeko platerak; egin zulo bat erdian, lotu binaka eta apaindu. Errotulagailuak, akuarelak, purpurina… erabil ditzakezu, eta eman bidea zure sormenari.
Birlak
Birlak egiteko tamaina bereko plastikozko sei edo zortzi botila beharko ditugu, eta nahierara apainduko ditugu. Bola egiteko, berriz, zilarrezko papera besterik ez da behar; beraz, has zaitez askariko ogitartekoen bilgarria gordetzen. Jolas hori ezin hobea da parkerako.
Izozkien makilatxoak
Udan kontsumitzen dugu izozki eta polo gehien; horregatik, oraintxe da egurrezko makilatxoak gordetzeko unea. Negurako oso ondo etorriko zaizkizu, edozein eskulan egiteko: argazki-markoak, bitxientzako ontziak, lapitzontziak, txotxongiloak edo puzlea.
Itsasoko maskorrak
Ba al dago haurrik hondartzan maskor bila ibiltzea gustatzen ez zaionik? Izozkien makilatxoekin bezala, maskorrak gordetzea gomendatzen dizugu. Markoak, kaxak edo bururatzen zaizun edozer apaintzeko balio izango dizute. Bitxiak ere egin ditzakezu (lepokoak eta eskumuturrekoak); behar duzun bakarra da erdian zuloa egiteko zulagailu txiki bat eta maskorrak sartzeko soka fin bat.
Aire-gozagarri naturalak
Aprobetxa itzazu udako mendi alderako ihesaldiak, aire-gozagarri naturalak egiteko. Bil itzazu landare usaintsuen adar batzuk (izpilikua, erromeroa, urkitza...), eta sar itzazu oihalezko poltsa txiki batean.