Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Gozoa edo mina izan, estutasun askotatik aterako zaitu sukaldean

Hainbat forma, kolore eta zaporekin aurkezten zaigun ortuaria da piperra. Negutegiei esker urte osoan aurki ditzakegun arren, udako eta udazkeneko hilabeteetako ortuaria da berez (uztailetik urrira).

Solanazeoen familiako landare batetik sortzen da piperra, tomatea eta alberjinia bezala. Erdialdeko Amerikakoa da jatorriz –txili deitzen diote han–, eta XV. mendeko lehenengo aurkikuntzekin batera iritsi zen Europara, eta piperbeltzaren osagarri edo ordezko gisa erabiltzen hasi ziren.

Zerk egiten du berezi piperra?

Zalantzarik gabe, dieta mediterraneoko barazkirik ohikoenetako bat da piperra, ba al dakizu zergatik? Hori da!, mantenugai ugari duen ortuaria delako, energia-balio txikikoa (30 bat kilokaloria 100 gramo bakoitzeko, eta ia batere koiperik gabekoa.

Azpimarratzekoa da duen ur (bere pisuaren % 90 baino gehiago), zuntz, mineral eta bitamina kopuru handia duela. Bereziki aipatzekoa da duen C bitamina kopurua (laranjek baino hiru aldiz handiagoa), batez ere piper gorriek, gordinik janda (entsaladetan, adibidez). Osagai hori ere funtsezkoa da burdina hobeto absorbatzeko.

Gainera, karoteno eta A bitamina iturri bikaina da, eta beste mineral ugari ere badu, hala nola potasioa (jarduera muskularra), magnesioa (nerbio-sistema) eta fosforoa (hezurrak eta hortzak osatzeko).

Gozoak edo minak; gorriak, berdeak edo horiak

Bi multzo handitan sailka genitzake piperrak:

  • Zaporearen arabera: piper gozoak (italiarrak, pipermorroak, etab.) eta minak (pipermina, pikillo-piperrak, Padrongoak, etab.) daude. Piperrak duen kapsaizina edukiaren araberakoa da hori; substantzia horrek, zapore mina emateaz gain, metabolismoa eta koipe-erreketa azeleratzen ditu (baina narritagarria ere izan daiteke urdail makala dutenentzat).
  • Kolorearen arabera: piper gorriak, horiak, laranja kolorekoak eta berdeakdaude. Piperraren heldutasun-mailaren araberakoa da hori. Osagai jakin batzuei buruzko aztarnak ere ematen ditu: gorriek, esaterako, betakaroteno kopuru handia dute; horiek eta laranja kolorekoek, C bitamina gehiago dute; eta berdeak, azkenik, duten zuntz kopuruagatik nabarmentzen dira.

Horrez gain, formaren, tamainaren edo duten erabilera gastronomikoaren araberako sailkapenak ere aurki daitezke. Errezeta motaren eta norbere gustuen arabera aukeratuko dugu bata edo bestea.

Piperrak sukaldaritzan

Piperraren mamitasuna da errezeta batean erabiltzerakoan kontuan izan beharreko lehenengo gauza. Eskuarki, labean erretzeko, betetzeko edo entsaladetarako erabiltzen dira mamitsuenak.Adibidez, hiru koloreko piper-entsalada, atunarekin eta tipularekin –ondu ezazu oliba-olio birjina estraz, limoi-zukuz, gatzez eta piperbeltzez–. Horren mamitsuak ez direnak, luzeak eta finak, berriz, frijitzeko, ozpinez ontzeko edo txirikordatan lehortzeko (piper txorizeroa, pipermina, kaiena..) erabiltzen dira.

Halaber, barietate gozoak egokiagoak dira entsaladak, gazpatxoak, errekiak, gisatuak, frijituak edo salteatuak prestatzeko; minak, aldiz, ongarri edo espezia modura –piperrauts mina– erabili ohi dira (Kontuz! Aukeratzerakoan ikusten baduzu piperrak beheko aldean hiru konkor dituela, zapore gozoagokoa den seinale. Lau baldin baditu, ostera, mingotsagoa izango da, beraz, hobe labean erretzea).

Labean erretzea da piperrak prestatzeko modurik osasungarriena, frijituta olio asko xurgatzen baitute. Behin erre ondoren, saltsak eta pureak egin daitezke, edo haragiekin edo arrainekin batera zerbitza daitezke.

Errezeta hauek presta zenitzake, gustukoen duzun piper motarekin:

BM Supermerkatuetan, ingurukoak harritzeko moduko plater goxo eta osasungarriak prestatzeko behar dituzun piper barietate guztiak aurkitu ahal izango dituzu.

Aukera bakoitzerako piper bat

  • Piper italiarra: Berde distiratsua (gorria da heltzen denean), luzanga eta puntazorrotza; mami gutxi eta gozoa. Erregosietarako, gisatuetarako, errekietarako, etab.
  • Piper gorria edo pipermorroa: Gorri distiratsua, lodia, mamitsua eta zapore gozokoa. Freskoan, kontserban edo lehortuta saltzen da. Gordinik, labean erreta edo gisatu eta erregosietan kontsumitzeko.
  • Kalifornia piperra: Berde, gorri edo hori distiratsua; lodia, karratua eta gozoa. Gisatu eta errekietarako.
  • Pikillo-piperra: Gorria, triangelu-itxurakoa eta txikia; min samarra. Kontserban saldu ohi da. Plantxan edo labean prestatzeko egokia. Oso egokiak dira betetzeko, arrautzeztatzeko eta frijitzeko.
  • Padrongo piperra: Berdea, motza eta puntaduna; zapore mina/gozoa (ezaguna da gaztelerazko esaera hau: “pimientos del padrón, unos pican y otros no”). Freskoan kontsumitzen dira, edo frijituta gatz pixka batekin, aperitibo edo garnizio modura.
  • Gernikako piperra: Berdea, estua eta luzanga. Zapore min samarra. Freskoak, berdeak eta ontziratuta aurki daitezke. Batez ere frijituta kontsumitzen dira, gatz pixka batekin.
  • Pipermina, kaiena eta txile-piperra: Gorriak edo berdeak, eta oso minak. Normalean ongarri modura eta saltsak egiteko erabiltzen dira: tabaskoa, piri-piria, etab.