
Jasangarritasuna
“Galburu Autonomikoa” BM Supermerkatuentzat, Elikagaien Bankuei egindako donazioagatik
BM Supermerkatuok Elikagaien Bankuekin egiten dugun elkartasun- eta lankidetza-lanak saria jaso du, FESBAL Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak ematen duen “Galburu Autonomikoa” (“Espiga Autonomica”) sariaren eskutik.
Federazioko kide diren Elikagaien Bankuei –55 dira Espainia osoan– urtean zehar egiten dieten ekarpen garrantzitsuagatik nabarmentzen diren enpresak edo erakundeak aintzatesten ditu sari horrek. Urriaren 23an egin zen sari-banaketa Madrilgo CaixaForum egoitzan, eta han izan zen Jesus Velasco Uvesco Taldeko Finantza-zuzendaria, saria jasotzen.
Zera adierazi du Jesus Velascok: “gure ereduaren eta eguneroko kudeaketaren parte da BM Supermerkatuok Elikagaien Bankuekin dugun konpromisoa. Banaketa-enpresa handia gara, eta gure lan-katearen barruan sartzen da donazioa; ilusioz egiten dugu eta, gainera, familiarik ahulenei laguntzeko aukera ematen digu”
Gure izateko eta lan egiteko eraren alderdi garrantzitsua da gizarte-erantzukizuna. Elikagaien Bankuekin dugun eguneroko lankidetzaren bitartez, zaurgarritasun-egoeran dauden familia askoren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dugu. Halaber, modu aktiboan parte hartzen dugu elikagaiak (olioa, kakaoa, lekaleak, pasta, kontserbak, etab.) biltzeko kanpainetan, taldeko establezimendu guztietan. Kanpaina horietan, 444 tona eta 270.000 euro biltzea lortu zen 2018an. Atsegin handiz jarraituko dugu zeregin horretan!