
BM Supermerkatuak & ekoizleak
Gabonak elkarrekin: Abelazkuntza bokaziozko lanbidea da, pasio bat da
BM Supermerkatuetan pertsonalki ezagutzen ditugun tokiko ekoizlerik onenen aldeko apustua egiten dugu, gure produktu freskoak hurbileneko barazki eta ganadutegietatik etor daitezen.
Fernando eta Oier Quintana - Arabako txahala, Samaniegon
Zenbat urte daramazu abeltzaintzaren sektorean lanean?
Bizitza osoa; gurea familia-tradizioko negozioa da, aitonak dagoeneko honetan jarduten zuen. Polita da ikustea nola pasatzen den belaunaldiz belaunaldi, nola 28 urteko Oier semeak ere lanbide honetaz gozatzen duen. Bederatzi lagunek osatzen dugu lantaldea eta horietako asko, Oier eta haren lehengusuak kasu, 30 urtez azpiko gazteak dira, beraz, lantalde gaztea dugu.
Lan polita da, baina ahalegin handia eskatzen du, ezta? Abelazkuntza bokaziozko lanbidea da, pasio bat da. Ni neu albaitaria naiz lanbidez, baina abeltzaina bokazioz. Lanbide honek denbora eta esfortzu handia eskatzen ditu, baina gustatzen zaigu eta bete egiten gaitu. Egiten dugunaz gozatzen dugu, batez ere ikusten dugunean egindako esfortzuak emaitza onak izan dituela eta kalitatea bermatzen jarrai dezakegula. Hori gutxi balitz bezala, negozio honi esker ateratzen dugu bizimodua gure familiako kide askok.
Nolakoa da zuen eguneroko jarduna?
Egunero lan egiten dugu, logikoa den bezala; izan ere, animaliak zaintzen ditugunez, etengabe egiaztatu behar dugu ondo daudela, ez dutela inolako gaixotasunik eta ez zaiela janaririk falta. Gure negozioan, txahalak mimoz zaintzea eta zer egoeratan dauden pertsonalki ikustea gustatzen zaigu.
20 abeltzaintza-ustiategi txiki ditugu; horrela, lana gure artean banatzen dugu, denei behar bezalako arreta eskaini ahal izateko.
Nolako eragina dute urte-sasoi ezberdinek ekoizpenean?
Oro har, aske ibiltzen dira gure behiak, mendiak bazkatzen igarotzen dute urte osoa. Era horretan, elikadura eta osasun ona dute, eta osasuntsu jaiotzen dira haien txahalak. Neguak, baina, gogorragoak dira, hotz egiten baitu eta, batzuetan, baita elurra ere. Egoera horretan, gehiago kostatzen zaigu animaliak mantentzea eta haragia ekoiztea.
Zergatik da berezia zuen produktua?
Gure haragia txahal emearena da, arrarenak baino koipe infiltratu gehiago duena. Horren eraginez, gutxiago izerditzen du eta ez du urik galtzen, beraz, xamurragoa gelditzen da, eta zapore bikaina izaten du kozinatzen denean. Txahalen elikadura ere zaintzen dugu, eta haien osasuna batez ere. Zikloaren hasieratik amaierara arte osasuntsu baldin badago, haren haragia beti izango da kalitate onekoa. Gainera, Eusko Label eta Ternasana ziurtagiriak ditugu, kontsumoari begira produktuaren segurtasuna bermatzen dutenak.
Ba al dago berezi egiten zaituzten zerbait?
Euskadin, txahalak sei hilabete dutenean hartu beharrean, hamar egunetik hartzen ditugun bakarrak gara, eta sakrifikatzen diren arte izaten ditugu gurekin, urtebete inguru duten arte. Geuk hazten ditugu eta, horrela, zainketarik eta elikagairik onenak izan ditzaten ziurtatzen gara.
Aldatu al da zuen negozioa BM Supermerkatuetan saltzen hasi zinetenetik?
Egonkortasuna eta segurtasuna eman digu eta, horri esker, gazteak hemen lanean ditugu. Orain dela 10 urte jarri zen BM Supermerkatuen katea gurekin harremanetan, kalitatezko eta 0 kilometroko produktu bila ari zirelako, planetarako kontsumo jasangarriagoa sustatzeko filosofiarekin. Horrek txahal emeentzako bide komertzial garrantzitsua ireki zigun, eta gehiago ekoizten hasi ginen. Ez daki ondo jendeak zer nolako lasaitasuna ematen digun salmenta ziurtatzeak; horri esker, hain zuzen ere, lortu dugu gure negozioa haztea, boskoizteraino.
Tratuari dagokionez, gainera, harremana zuzenekoa eta oso ona da. Horri gehitu behar zaio ordainketak egiterakoan serioak direla eta prezioari dagokionez zentzuzkoak, baina, aldi berean, baita malguak ere.
Aurten, krisiaren ondoriozko prezioen igoerarekin, gehiago kostatu zaigu kalitate berari eutsiz ekoiztea, baina oso ulerkorrak izan dira, eta berehala iritsi gara adostasun batera.