
Elikadura osasungarria
Estebia: azukrea baino 250 aldiz gozoagoa den gozagarri naturala
Stevia rebaudiana landarearen hostoetatik ateratzen den gozagarria da estebia. Dituen molekula gozagarriei esker –estebiol glikosidoak–, azukrea baino 250 aldiz gozoagoa da.
Europako osasun arloko agintariek eta Amerikako Food and Drug Administration erakundeak definitzen dutenaren arabera, gorputz-pisuaren kilogramo bakoitzeko 4 mg-koa da estebia-estraktu lehorraren Eguneroko Ahorakin Onargarria. Hau da, 60 kiloko pertsona batentzako, 240 mg estebia, 25 gramo azukre konbentzionalen baliokidea izango litzatekeena. Nolanahi ere, azukrearekin gertatzen den bezala, zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto.
Hainbat modutara komertzializatzen dira estebia-prestakinak, hala nola estebia-hosto freskoak eta lehorrak, estebia-hostoen hautsa, estraktuak eta kontzentratu likidoak. Estebia-estraktua gozagarri sintetikoen –sakarina eta aspartamoa kasu– ordezko aukera egokia da, frogatu baita estebia-hostoekin egindako prestakinak –azukrearen ordezko natural gisa– seguruak direla diabetikoentzako, hipertentsio arteriala eta obesitatea dutenentzako zein haurrentzako.
Orain arte argitaratutako azterketen arabera, estebia-hostoek –eta hosto horiekin egindako prestakinek– osasunerako onuragarriak izan daitezkeen efektuak dituzten sustantziak dituzte; nabarmentzekoak dira honako hauek:
- Efektu antioxidatzailea: estebia-hostoek dituzten substantzia kimikoek (fitokimikoak) metabolismoan sortzen diren erradikal askeak neutralizatzeko gaitasuna dute; kontuan izan behar da erradikal libreak metatzeak hainbat gaixotasun gara dadin lagun dezakeela, hala nola minbizia, obesitatea eta diabetesa.
- ZERO gluzemia-indizea: gluzemia-indizea elikagaiak sailkatzeko erabiltzen den neurria da, eta elikagaiok kontsumitu ondoren glukosak odolera igarotzeko duen azkartasunaren arabera sailkatzen dira. Zero da estebiaren gluzemia-indizea, beraz, ez du gluzemia-gailurrik eragiten eta, horrenbestez, diabetikoentzako azukrearen ordezko egokia izan daiteke.
- Bakterien aurkako efektua: estebia-estraktuak bakteria ugariren jarduera eragozten du, baita ahoa kolonizatzen duten eta, higiene eskasarekin eta karbono-hidrato kopuru handiko dietarekin batera, hortzetako txantxarraren erantzule diren bakteriena ere. - Hipertentsioaren aurkako efektua: hipertentsioa da miokardio-infartua eta ezbehar zerebrobaskularrak garatzeko faktorerik arriskutsuena. Estebia-estraktua kontsumitzeak arteria-presioa murrizten du eta, ondorioz, baita arrisku kardiobaskularra ere.
- Tumoreen aurkako efektua: Estebiolak urdail-hesteetako zelulak ugal daitezen eragozten du eta, gainera, zelula kartzinogenoak modu goiztiarrean hil daitezen eragiten du; horrenbestez, elikagai hau lagungarria da minbiziaren aurrean babesten edo haren tratamenduan.
- Pisua mantentzeko: Aurrez esan dugun bezala, estebiak ez du kaloriarik eta ez du gluzemia-gailurrik eragiten, beraz, asetasuna luzaroago manten lezake eta, horrenbestez, egunean zeharreko energia-ahorakina murriztu, pisu osasungarria mantentzen lagunduz.
Hala ere, kontuan izan behar da estebia izenarekin aurkitzen ditugun produktuetako asko ez direla estebia-estraktua, baizik eta estebia-proportzio txiki bat, beste gozagarri artifizial batzuekin nahastuta, hala nola aspartamoarekin, maltodextrinarekin, sukralosarekin, K azesulfamoarekin edo sakarinarekin; beraz, produktu horiek ez dituzte izango landarearen estraktuak eskaintzen dituen efektu onuragarri horiek guztiak. Horregatik, garrantzitsua da produktuaren etiketari erreparatzea eta haien osagaien artean batez ere estebia-estraktua, ura eta kontserbagarriren bat dutenak aukeratzea.
Beraz, eta ondorio gisa, esan genezake estebia-kontsumoa segurua dela, eta osasunerako onuragarria izan daitekeela, azukrearen ordez kontsumituta. Hala ere, idealena izango litzateke elikagaien gozagarririk gabeko zaporera ohitzea, aurrez deskribatutako onurak fruta eta barazki freskoetatik, perretxikoetatik, espezietatik eta, oro har, dieta osasungarri eta orekatua izatetik eskura baititzakegu.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |