
Gabonak tokiko produktuekin ospatu
Esneko arkumea Gabonen sinonimoa da
“Gizakiok badugu esaera bat: ‘jaten duguna gara’; animalien kasuan, gauza bera da”. Esaldi hori kontuan hartuz hazten ditu bere animaliak Mariano Imazek —latxa-arkumearen abeltzaina eta LARSABIko (latxa-arkumearen abeltzainen elkartea) lehendakaria—. Askatasunean bazkatzen dute Aralar mendilerroan hilabete beroetan. Eta garai hotzak eta euriak hasten direnean, animalia horiek klima epelagoa duten larreetara jaisten ditu. Urteko 365 egunetan zaintzen ditu eta eguneko 24 orduz aritzen da zaintzan, ardiak erditzen hasten diren eta lagundu behar ote dien arretaz jarraituz. Arkumeak jaiotzen direnean, hauen elikaduraz euren amak bakarrik arduratzen dira: esneko arkume horiek ardi-esnez, modu naturalean, baino ez dira elikatzen. ‘Ardi bat belar freskoa, gune natural batean, eguzkipean eta euripean bazkatzen aritu bada, bere esnea goi-mailakoa izango da. Azkenean horixe da arkumeak daramana, eta arkume horren haragia ari gara azpimarratzen eta sustatzen LARSABIren bitartez’.
“Guk, ingurune naturalean, arkitektura sortzen dugu, espazio naturala aziendaren bitartez moldatzen dugu”.
Elkarteko abeltzainek penatuta ikusten dute administrazioak eta jendeak, oro har, ez dutela behar bezala baloratzen abeltzain horien artzaintza-lana eta animalien bizi-kalitatea eta, beraz, haiek eskaintzen duten haragia. Eta ez da bere produktuaren kalitateari buruz soilik hitz egiten ari, baita ingurune naturalean egiten duten lanak duen balio handiari buruz ere: ‘jendea herrietara etortzen denean, paisaia berdea eta belarra ikusten duenean eta liluratua geratzen denean, horrek atzean lan bat duela ulertu behar du: guk, ingurune naturalean, arkitektura sortzen dugu, paisaia naturala aziendaren bitartez moldatzen dugu’, azaldu du. Arlo honetan hainbat hamarkadetan aritu izanak ematen dion esperientziatik, jaten dugunaren tokijatorria aukeratzeak duen garrantziari buruz ere hitz egiten du, ‘hurbileko produktore baten gazta puska bat edo arkume bat kontsumitzen denean, kontsumitzaileak balio natural handiko produktu bat kontsumitzen ari dela jakin behar du. Horrela gertatzen ez bada, guk etorkizun beltza dugu; kontsumitzailea horretaz jabetzen ez bada, ezin dugu produktuari eta ingurumenari baliorik ematen ez dieten makroustiapenekin lehiatu’.
Mariano Imaz, LARSABIko lehendakaria. Ataun (Gipuzkoa)
“BMren jarduketaildoak eta gureak parean doaz”
Mariano lehendakari duen eta arkume-barietate honen 30 abeltzain inguru biltzen dituen elkartea, hain zuzen ere, arrazoi horrengatik eratu zen: indarrak bateratzeko, produktoreen eta banatzaileen arteko helburuak partekatzeko, eta euren balioak administraziora eta kaleko jendearengana iristeko. Eta BM Supermerkatuekin elkarlanean dihardute euren produktua azken kontsumitzailearengana berme guztiekin heltzeko: ‘BMren jarduketaildoak eta gureak parean doaz, eta urtez urte lan handiagoa egiten dugu eurekin. Partekatzeko apustua da eta guztiok lan egin behar dugu: guk produktuaren kalitatearengatik eta eurak banaketarengatik, kontsumitzaileak gure produktuak eskuratu ahal izateko, baita eurek gure ekoizteko modua eta prozesuak ezagutzeko ere; hala, produktuen benetako balioa ezagutuko dute’.
LATXA ESNEKO ARKUMEA: Amaren esnez soilik eta modu naturalean elikatutako arkumea, gehienez 30 egun dituena eta bizirik 12 kg-ra heltzen ez dena.