
Haurrak
Eskolako menua osatzeko gako osasungarriak: gosaria
Eguneroko errutinaren eta ordutegien bateraezintasunaren ondorioz, askotan ezinezkoa izaten da astean zehar etxeko bazkariaz gozatzea familian. Gero eta ohikoagoa da eskola-garaian dauden umeek ikastetxeko jantokian bazkaltzea; kasu horretan, beharrezkoa da gure seme-alabek zer bazkaltzen duten jakitea, etxean beraien dieta osatu ahal izateko.
Horretarako, gosari, askari eta afari egokia eman behar diegu, beti ere –eta ahal den heinean– haurren eguneroko menua kontuan izanda. Lehendabiziko artikulu honetan, gosaria izango dugu hizpide.
Egia al da errege batek bezala gosaldu behar dela?
Esaera zaharrak hala dio: “Gosal ezazu errege batek bezala, bazkaldu printze batek bezala, eta afaldu eskale batek bezala"; eta, nolabait, horixe da elikagai kopuruaren ordena, nahiz eta kopurua baino gehiago zaindu behar den elikagaien kalitatea.
Benetan garrantzitsuena da gosaritan hiru mantenugai-iturri sartzea:
- Proteinadun elikagai bat: esnekiren bat izan ohi da; haurrak esnekiekiko intolerantzia baldin badu, badaude beste aukera batzuk, hala nola laktosarik gabeko esneak eta jogurtak.
- Zereal bat: egokiagoa da ogia (askotariko ogiak daude, oso goxoak) edozein gaileta edo opilgintzako produktu baino (azken horiek azukre erantsiak dituzte). Haurra zeliakoa baldin bada (hau da, ezin badu garirik, garagarrik, zekalerik eta olorik jan), badaude zeliakoentzako ogi bereziak ere. Ogi-xerrari oliba-olio birjina estra pixka bat, tomatea edo ahuakatea bota diezaiokegu, besteak beste.
- Fruta-ale bat. Hobe duzu haurrak fruta-alea osorik jatera ohitzea. Hori lortzen ez baduzu, zukuan har dezakete (gehitu iezaiozu fruta-mamia, mantenugai kopuru handia baitu!). Hobe zukua egin berria baldin bada, ez ditzan bitaminak gal, C bitamina batez ere, oso galkorra baita.
Eta goiz erdian pikatzeko…
Gosaria eta bazkaria bitartean igarotzen diren orduak ere oso garrantzitsuak dira. Oso aktiboak dira haurrak, eta etengabe behar dituzte mantenugaiak goiz osoa gosetu gabe igaro dezaten.
Garrantzitsuena da jatordu batetik besterako ‘pikoteo’ hori osasungarria izatea: fruitu lehorrak, urdaiazpiko ogitarteko txikiren bat, zuritzeko lanik emango ez dien fruta-aleren bat (banana, sagarra, mandarinak, marrubiak...) eta, noizean behin, ahalik eta koipe gutxien duen gaileta xigorturen bat.
Nutrizio-tipa
Gosaltzeko ogi-xerra bat... hobe integrala
- Ogi-xerra bat beti da hobea opil industrialak baino
- Ogia, gainera, integrala baldin bada, duen zuntzari esker, gorputzak mantsoago xurgatuko ditu karbohidratoak, asetasun-sentsazioa sortaraziz
- Idorreria kasuetan, bestalde, heste-igarotzea erraztuko du zuntzak (kontuz zuntz gehiegi jatearekin, haize-minak ere sortzen baititu).
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |