Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Ospakizunak

Egun berezi bat ospatzeko ideiak

Badira ospakizun berezia merezi duten hainbat egun esanguratsu bakoitzaren egutegian. Urtebetetzeak, urteurrenak edo San Balendin bezalako egun bereziak. Baina ez da beharrezkoa egutegiak egun zehatz bat markatzea, izan ere, guk hala nahi izanez gero, edozein egun izan daiteke berezia. Nahikoa da maitasun pixka bat jartzearekin.

Egun bat berezia izan dadin ez da luxu handirik edo gauza nabarmenik behar, nahikoa dira detaile txikiak. Egunerokotasunaren erritmo azkarraren erruz eskuarki egiten ez dugun zer gustatzen zaigun pentsatu behar dugu bakarrik. Hona hemen zenbait ideia, edozein egun berezi bihur dezazun.

Goazen afaltzera

Ospakizunik onenak mahaiaren bueltan egiten direnak dira, baina, ez dago jatetxe batera joan beharrik. Gure etxeari ere eman diezaiokegu jatetxe dotore baten itxura. Lehendabizi menua aukeratu behar dugu; zerbait esanguratsua izan daiteke. Adibidez, zuen ezkontzaren urteurrena ospatu behar baduzue, egun berezi hartako menu bera presta dezakezue. Urtebetetzearen kasuan, aukera dezagun urteak betetzen dituenaren jakirik gustukoena.

Sukaldean aritzea bioi gustatzen bazaizue, afaria elkarrekin prestatzea gomendatzen dizuegu. Ez dugu beti izaten sukaldean presarik gabe jarduteko aukera. Aukera ezazue bioi gustatzen zaizuen errezeta bat eta has dadila ospakizuna sukaldean.

Ondoren, jakina, mahaia jantzi behar dugu. Dekorazio ezberdina aukeratzea da kontua, zerbaitegatik baita gure egun berezia: lore batzuk, kandela aromatikoak… norberaren gustura.

Erlaxa gaitezen

Eguneroko estresak ez digu lasai arnasa hasten eta atsedenera tarte bat hartzen uzten. Horregatik, plan erlaxagarri batek benetan berezia bihurtuko du eguna. Bainuetxe batera, spa batera edo terma batzuetara ihesalditxo bat egiteko denbora behar izaten da eta aldez aurretik planifikatu beharreko aukera da, baina edozein une eta leku izan daiteke egokia erlaxatzeko.

Musika lasaia lagun, etxean bertan gatzekin bainu bat hartzeak ere lagun diezaguke pentsatzeari utzi eta une batez gure burua lasaitzen.

Zer oparituko diot?

Urteurreneko edo urtebetetzeko oparia izan daiteke, baina, baliteke, besterik gabe, norbaiti oparitxo bat egin nahi izatea ere. Oso ondo! Oparitxo bat egiteko, baina, ez dago diru mordoa gastatu beharrik. Batzuetan, garrantzitsuena ez da oparia bera izaten, nola oparitzen dugun, baizik. Saia zaitez modu berezi batean paketatzen edo erants iezaiozu gutun bat. Gymkanek ere oso ondo funtzionatzen dute, opariak egiteko modu dibertigarria da.

Azken batean, kontua da pentsatzeko tarte bat hartzea eta ikusiko duzue zein erraza den edozein egun egun berezi bihurtzea.