Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Trukuak

Eguberrietako gehiegikeriak saihesteko gida

Gainean ditugu Gabonak, mahai baten bueltan familiarekin elkartzea gustatzen zaigun sasoia, eta gure pisuak gorabeherak izaten dituena, gehiegi jan eta edatearen ondorioz.

Eguberriak egun bereziak diren arren, kontu egin behar diogu elikadurari, hasten direnetik –abenduaren 24an– Errege egunera arte. Izan ere, ez da gauza bera egun berezietan elikadura pixka bat desbideratzea edo, argaltzeko Urte Berrirako asmoaren aitzakia baliatuz, nahi adina jatea.

Horregatik, gehiegikeriak saihesteko gida labur bat proposatzen dizuet, eta aurtengo Gabonak izan daitezela iazkoak baino zertxobait osasungarriagoak:

  • Planifika itzazu erosketak eta menua. Aurten mahaikide gutxiago izango gara, beraz, gutxiago erosi beharko dugu. Saia zaitez erosketa elkartuko zareten pertsona kopurura egokitzen; izan ere, janari gutxiago xahutuko dugu horrela, eta kopuru egokiagoak zerbitzatu. Plater nagusiak aukeratzerakoan, eman lehentasuna zopei, entsaladei, itsaskiei, eta plantxan edo erreta prestatutako haragi eta arrainei, arrautza-irinetan pasatuta eta frijituta prestatu ordez.
  • Presta ezazu Gabonetako egutegia.Ez da gauza bera elikadurari bost jai-egunetan ez erreparatzea (abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean eta 6an) eta ia hilabetez gehiegikerietan ibiltzea. Beraz, normaltasunez jan behar da, nahiz eta egun berezi batzuetan gehiegikeriaren bat edo beste egin.
  • Jarrai iezaiozu eguneroko jatorduen zure ohiko egiturari. Egunean bost jatordu egiteko ohitura baldin baduzu, jarrai ezazu horrela, baita jai-egunetan ere. Horrela, sabela “beteago” iritsiko zara jatorduetara, eta horren komenigarriak ez diren janari gutxiago jango duzu.
  • Egin kirola modu erregularrean. Gorputzari eragiteko modu asko dago; eguraldi txarrarekin kalera korrika egitera joaten diren horietakoa ez bazara, joan zaitez gimnasiora edo egin kirol pixka bat etxean. Garrantzitsuena gorputza mugitzen jarraitzea da.
  • Jan ezazu mantso. Batzuetan, mahai-gainean horrenbesteko aukera eta inguruan horrenbeste jende jaten ikusteak antsietatea sor dezakete. Dastatu nahi duzun gauza bakoitzeko pixkatxo bat zerbitzatu. Zure platerean janari guztia batera baldin baduzu, argiago ikusiko duzu zenbat janari jatera zoazen.
  • Edaria aukeratzerakoan, lehenetsi ura. Plater nagusiekin batera ardoa edan dezakezu, baina gogora ezazu kopa baten eta bestearen artean, hidratatzeko, ura edatea eta ez ezazu sentitu alkohola edateko obligaziorik, ez baitu osasunerako batere onurarik eta kaloria hutsak baititu.
  • Saihestu gozo-gauzen azpila zugandik hurbil edukitzea. Saia zaitez, azken-burukoan, zure buruari gutiziatxoren bat ematen, baina, askotan, aurrean ditugulako beste arrazoirik gabe jaten ditugu, nahiz eta aseta egon eta gogo handirik ez izan.

Eta gehiegikeriak egin baditugu, zer egingo dugu?

Teoria ondo ezagutu arren, praktikan horren ondo moldatzen ez bagara, beti izango dugu horri erremedioa jartzeko aukera. Garrantzitsuena da lehenbailehen hastea berriro elikadura orekatu batekin; bien bitartean, baina:

  • Jan-edankerietan ibili eta hurrengo egunetan, saia zaitez zure elikaduraren oinarria fruta, barazkiak eta lekaleak edo teknika osasungarriekin prestatutako animalia jatorriko proteinak izan daitezen.Hau da, saihets itzazu frijituak eta lehenetsi egositako edo plantxan prestatutako jakiak.
  • Gorde itzazu gozo-gauzak, eta ez atera hurrengo data berezira arte.
  • Kontsumi ezazu zuntz gehiago, elikagai integralei lehentasuna emanez; horrek urdailaren eta hesteen ongizatea berrezartzen lagunduko dizu.
  • Edan likido asko –ura da aukerarik onena–; izan ere, baliteke alkohol gehiegi edateak deshidratazioa eragin izatea. Saldak edo infusioak ere har ditzakezu, onak baitira urdailerako.
  • Egin ezazu kirola. Gehiegikeriak erretzen laguntzeaz gain, estresa kanporatzen eta lehenbailehen errutinara itzultzen lagunduko dizu.

Gehiegikeriak egin edo ez, garrantzitsuena da gure senide eta lagunen konpainiaz gozatzea eta urte berriari merezi duen ongi-etorria ematea, aurtengoa baino hobea, behintzat, izango da-eta.

Gabon zoriontsuak eta ondo has dezazuela 2021. urtea!

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista