Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura

Eguberrietako gehiegikeriak kontrolatzea

Enpresako afariekin hasiko gara. Ondoren, Gabon Gaua, Gabon Eguna, Gabon Zaharrak eta Urteberria. Ez dugu amaituko, urtarrilaren 6an errege-erroska jan arte. Egun horietan, zaila da janariarekin gehiegikeriarik ez egitea. Urruti bizi eta Eguberrietan etxera itzultzen diren lagun edo familiartekoekin elkartzen gara; gehienetan, gainera, mahaiaren bueltan elkartu ere.

Baina eguberrietako gehiegikeria horiek ondorioak dituzte: urdaileko ondoezak, betekadak eta bestelako digestio minak, adibidez. Gainera, pisagailuak ere antzematen ditu. Gure asmoa ez da lagun arteko jatordu horiek ez egiteko esatea, ezta gustuko jakiak ez dastatzeko esatea ere. Neurrian jatea da kontua. Horregatik, aholku batzuk eman nahi dizkizuegu jai hauetan hobeto senti zaitezten. Betekada amaiezinak alde batera utzi, eta gehiago gozatuko duzue.

Aurrez prestatu eta ondoren konpentsatu

Egun hauetan, ohi duguna baino gehiago jaten dugu. Mahaia jaki gozoz beteta egoten da, eta inguruan baita kaba, koktelak eta kaloria askoko beste edari batzuk ere, normalean, gainera, alkoholdunak.  

Horrexegatik, aurrez prestatuta egotea komeni da. Ez daukagu aurreko egunetan gutxiago jan beharrik, alderantzizkoa baizik. Hobe da otordu guztiak egitea, bestela, gose gehiagorekin iritsiko baikara mahaira. Gabon Gauean, gosaldu, hamarretako mokadutxoa egin, ongi bazkaldu eta askaltzeaz ere ez ahaztu. Honela, aseago helduko zarete afalordura, eta gutxiago jango duzue.

Gainera, egunean zehar ur asko edatea komeni da, ongi hidratatuta egoteko. Ariketa fisikoa egitea ere gomendatzen dizuegu: egunean ordu betez ibiltzeak digestioa hobetzen du.

Bestalde, otordu astunak egin osteko egunetarako menu garbiak aukeratu: infusioak hartu gosaltzeko, barazki saldak prestatu eta fruta jan otorduen artean.

Neurrian eta pentsatuta jan

Ohikoa da gure buruei Eguberrietan gehiegikeriak egiteko lizentzia ematea eta egun horiek pasatakoan, dieta egingo dugula erabakitzea, baina ez da ideia ona, ez du funtzionatzen. Izan ere, dietak kiloak kentzen lagun diezaguke, baina egindako gehiegikeriek urdailean eragindako kalteak hor geratuko dira, eta min hori da, hain zuzen, saihestu behar duguna. Horixe da neurrian eta pentsatuta jateko arrazoi nagusia.

Egun hauetan, ohikoa da mahaia hasierako jakiz betea egotea, eta guztiak probatu nahi izaten ditugu. Probatu. Bai. Baina bakoitzetik apur bat dastatu eta ez errepikatu.

Zuek bazarete gonbidatzaileak eta afariaren ardura izango duzuenak, aukeratu kaloria eta koipe gutxiko hasierako jakiak. Barazkiei ere egin diezaiekezue lekua mahaian, esate baterako, eskarola edo endibia ideia onak izan daitezke, eta fruta-burruntziak ere jar ditzakezue. Mahaiak, honela, kolore gehiago izango du, eta jaki hauek asetzen lagunduko digute; garbiago eta hobeto.

“Pikoteoa” kanpora

Jaten amaitu ondoren eta kafea hartuz berriketan ari garenean jaki gozoak mahaiaren gainean jarraitzen badute, beteta egon arren, jaten jarraituko dugu, begietatik sartzen zaizkigu eta.Kendu itzazue bada, mazapanak, polboroiak eta turroia bistatik.Horrela, “pikoteatzeko” tentazioa saihestuko duzue.

Soberakinekin, zer egin?

Egun hauetan, janaria prestatzen ari garenean "soberan hobeto faltan baino" ideia izaten dugu buruan bueltaka. Gero, aste osoa pasatzen dugu soberakinak jaten. Ondorioz, komeni ez zaizkigun jakiak jaten segitzen dugu hurrengo egunetan.Horren aurrean, bi aukera ditugu: soberan geratu dena familiakoen artean banatu edo izoztu;eguberriak igaro ondoren ere gustura jango ditugu ahogozagarri horiek!

Ikusten duzuenez, posible da egun hauetan gozatzea digestioari minik egin gabe.Jai zoriontsuak opa dizkizuegu!