Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Boilurra: mantenugai ugaridun lurreko altxor goxoa

Boilurra lurpeko onddoa da, hainbat zuhaitzen sustraien ondoan hazten dena, haritzaren eta artearen sustraien ondoan, esaterako. Onddo hori zona gutxitan aurki daiteke, tartean, nabarmentzekoak dira Italiako hegoaldea, Frantzia, baita Espainiako zona batzuk ere.

Hamar bat zentimetroko sakoneran hazten da, beraz, ondo irakatsitako txakurren usaimena funtsezkoa da, onddo hauek aurkitu eta atera ahal izateko.

Boilur barietate ezberdinak daude; boilur beltza, boilur zuria eta udako boilurra dira ezagunenak. Zapore, itxura eta prezio ezberdinak dituzte. Sasoi ezberdinetan hazten dira; boilur beltza, azaroa eta apirila bitartean, zuria iraila eta abendua bitartean, eta udako boilurra maiatza eta iraila bitartean.

Boilurrak protagonismo handia hartu du azkenaldian, eta oso produktu preziatua da sukaldari garrantzitsuentzako eta zaleentzako, urre beltza izena hartzeraino.

Horren produktu esklusiboa izanik, kantitate txikitan zerbitzatzen da, xaflatan edo platerak ontzeko birrinduta, hala nola pasta, arrautzak, pizzak, gaztak, etab.

Boilurren ezaugarriak

  • Hidrato kopuru handia: Boilurrek nutrizio-profil harrigarria dute; izan ere, karbohidrato kopuru handia dute, kalitate oneko proteinak eta zuntza. Gainera, gantz-azido aseak eta asegabeak ere badituzte.
  • Mikromantenugaiak dituzte: Boilurrek dituzten mikromantenugaien artean, C bitamina, fosforoa, manganesoa, zinka eta burdina nabarmentzen dira.
  • Antioxidatzaileak: C bitaminaz gain, bestelako antioxidatzaileak ere badituzte boilurrek, hala nola likopenoa, erradikal askeen eragin kaltegarria neutralizatzen eta, horrela, hainbat gaixotasun kroniko –minbizia, diabetesa eta gaixotasun koronarioak prebenitzen laguntzen dutenak.
  • Bakterien aurkako efektua: Azterketa batzuek diote boilurrek bakterien aurkako efektua dutela; horrela, gaixotasun askotan inplikatuta dauden eta antibiotikoen aurrean iraun egin ohi duten Staphylococcus aureus eta Pseudomonas aeruginosa bezalako bakteria-andui batzuen hazkundea geldiaraz ditzakete.

Boilurrak nutrizio-ezaugarri onak dituen arren, ez dugu ahaztu behar kantitate oso txikitan kontsumitzen den produktua dela eta, beraz, ematen dizkigun onura fisikoengatik baino, erabil dezagun gure plateretan, dituen aroma eta zapore berezi horietaz gozatzeko. On egin!

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista