Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Aholkuak

Bidaiaren Beherakoa

Oporrekin batera ia gehienetan elikadura-ohiturak aldatzen dira. Orokorrean, gehiago aukeratzen dira elikagai ultraprozesatuak, ogitartekoak eta bestelako prestakin azkarrak, eta alkohola gehiago kontsumitu eta fruta eta barazki gutxiago jaten dira. Beraz, oro har, dietaren kalitateak okerrera egiten du. Ezinbestean, elikadura-jarraibideen aldaketa horien ondorioz, hesteetako mikrobiota ere aldatu egiten da, eta idorreria txikia izatetik larria izatera igarotzen da, edo, kontrakoa, beherako beldurgarria sortzen da.

Bidaiariaren beherakoa, batik bat, gaitz hori eragiten duten patogenoez kutsatutako elikagaiak eta edariak hartzean sortzen da; hau da, bakterioek, protozooek, helmintoek (harrak) eta/edo birusek eragin dezakete, eta ohikoenak E.coli eta Campylobacter bakterioek eragindakoak dira, zein eremu geografikoan aurkitzen garen kontuan hartuta.

Nahiz eta egia izan beherakoa harrapatzeko arriskua handiagoa dela garapen txikiagoko herrialdeetara bidaiatzen denean, Espainian oso ohikoak dira Salmonella edota Listeria bidezko elikadura-intoxikazioek eragindako beherakoak. Kalean kaleko saltzaileei erositako elikagaiak dira arrisku handienekoak: itsaskiak, garbitu edo zuritu gabeko frutak, entsaladak, maionesa duten elikagaiak, esnea eta esnekiak, postre gozoak eta hestebeteak.

Nola saihets daiteke?

  1. Edan beti botilako edariak, iturriko ura edangarria dela ziur ez bagaude, behintzat.
  2. Eskuak xaboiarekin eta maiz garbitu; hots, batik bat, jan aurretik, elikagaiak maneiatu aurretik, komunera joatean, e.a.
  3. Saihestu entsaladak eta landare gordinak.
  4. Fruta zuritu eta zatitu kontsumitu behar den unean. Gaizki hoztutako fruta zatituak Salmonella eta Listeria bidezko kutsaduraren iturri nagusiak dira. Jada zurituta eta moztuta dagoen fruta erosiz gero, ziurtatu behar da establezimenduak hotz-katea mantendu duela.
  5. Saihestu izozkiak, natillak, flanak, kremak eta pasteurizatu gabeko gaztak.

Eta beherakoa badut, zer egin dezaket?

Beherakoa gorputzak duen mekanismo bat da, eragiten duen patogenoaren aurrean defendatzeko; beraz, hobe da ez moztea, baizik eta berak eragindako deshidratazioa saihestea eta gorozkien bidez galdutako elektrolitoak birjartzea. Horretarako, ur gehiago hartu behar da, eta urari errehidratazio-hautsak (seruma) gehitzea gomendatzen da, zorro bat ur litro bakoitzeko (farmazian eros dezakegu). Nahasketa pixkanaka edatea gomendatzen da eta, gosea izanez gero, jatea, baina hasiera batean zuntz askoko elikagaiak saihestuta, tartean frutak eta barazkiak, eta elikagaia astringenteak lehenetsita; esate baterako, arroza eta oilaskoa eta jogurtak bezalako elikagai proteiko arinak.

Horrez gain, badira probiotikoen anduiak, bidaiariaren beherakoaren prebentzioan eta tratamenduan eraginkorrak direla frogatu dutenak, batez ere Lactobacillus acidophillus eta Saccharomyces anduiak, beste andui batzuekin konbinatuta baino hobeto bakarrik. Probiotiko horiek hartzen bidaia baino astebete lehenago has daiteke eta bidaian zehar ere har daitezke, hesteetako mikrobiota osasuntsu mantentzeko eta mikroorganismo kaltegarriak sartzetik eta haztetik geure burua babesteko.

Bestalde, beherakoaren aurkako botikak (loperamida, adibidez), errehidratazioarekin batera erabil daitezke, eta beherakoa mozten laguntzen dute. Botika horiek ez dira inoiz erabili behar beherakoarekin batera odola eta/edo mukia badaude edo sukarra izanez gero. Kirolariei dagokienez, ez da gomendatzen edariak hartzea beherakoaren kasuan; izan ere, gatzak eta azukreak dituzte, eta, hesteek ur gehiago askatu behar izaten dutenez diluitzeko, egoera larriagotu egiten dute.

Beherakoaz gain, sukar handia, goragalea, gonbitoak, sabeleko min iraunkorra eta gorozkietan odola eta mukia izanez gero edo denboran zehar luzatzen bada, medikuarekin kontsultatu behar da, baina normalean bidaiariaren beherakoa arina izaten da aurretiko patologiarik ez duten pertsonen kasuan, eta tratamendu dietetikoaren ondoren amaitzen da.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista