Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Aza gorria: O, Gabon gorriak!

Aza gorria neguko ortuari deigarrienetakoa da. Azaren barietate honek –brasikazeen edo kruziferen familiakoa– duen kolore gorri edo more bizi horrek erakargarritasun berezia ematen dio, eta begirada guztiak bereganatzen ditu BM Supermerkatuetako barazki freskoenerakusmahaian, azaroan hasi eta martxora arte.

Halaber, aza gorriaren zapore gozoa oso ondo dator osagai askorekin, eta duen kaloria kopuru txikiari esker, aukera ona da errekiak arintzeko edo aurretiazko sarrerako gisa, Gabonetako otorduetan, esaterako, plater nagusiak arintzeko.

Gabonetako ortuaria

Bai, aza gorria Gabonetako plater izarra da. Hain zuzen ere, oso tipikoa da Madrilen (orain dela bi mende “baratzeko indioilarraizenarekin zen ezaguna), baita Gaztela eta Leongo leku askotan ere. Errezetarik tradizionalenak sagarrak, mahaspasak eta pinaziak ditu; plater hori oso ondo lotu daiteke indioilar, kapoi edo pularda goxo batekin. Zuri ere ahogozoa egiten ari zaizu, ezta? J

Mediterraneoko eskualdeetan du jatorria aza gorriak, eta egiptoar arotik lantzen da. Greziarrak eta erromatarrak izan ziren, baina, aza gorriaren laborantza eta kontsumoa hedatu zutenak. Gainera, etekinik handiena atera zizkieten aza gorriaren sukaldeko eta medikuntzako erabilerei, laster deskubritu baitzuten bitamina eta mineral esentzial ugari duen ortuaria dela.

Zuntz-iturria eta antioxidatzailea

Jakinekoa da zuntz kopuru handiko jakia dela aza gorria (2,5 gramo 100 gramo bakoitzeko); horrela, bada, heste-igarotzea erregulatzeko ahalmen handia du; ezaguna da, bestalde, C bitamina dosi ona eskaintzen digulako (55 mg/100 g; egun bakoitzeko gomendatutako kopuruaren % 68,8).

Kaloria eta karbohidrato kopuru txikia (22 kilokaloria eskas, 100 gramo bakoitzeko) eta batere kolesterolik ez izateaz gain, B taldeko bitamina mordoa du (B1-tiamina; B2-riboflabina; B3-niacina; B6-piridoxina), baita E bitamina ere (0,2 mg/100g; egun bakoitzeko gomendatutako kopuruaren % 1,7), eta horrek efektu antioxidatzaile garrantzitsua ematen dio.

Mineralei dagokienez, nabarmentzekoa da aza gorrik gure organismoari egiten dion kaltzio ekarpena (60 mg/100 g; egun bakoitzeko gomendatutako kopuruaren % 7,5), potasio ekarpena (250 mg/100 g; % 12,5) eta magnesioarena (9 mg; % 2,4%); elementu horiek ezinbestekoak dira, besteak beste, gure gihar eta hezurretarako.

Barazki morearen boterea  

Hauexek dira aza gorriak dituen efektu onuragarrietako batzuk:

  • Ikusmena babesten du: Antozianinak, aza gorriak duen kolorearen erantzule izateaz gain, erretinako kapilarrak babesten ditu. Oso egokia da diabetikoentzako.
  • Gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen ditu: Flabonoideek odol-hodiak eta bihotza babesten dituzte. Onuragarria da hipertentsioa kontrolatzeko.
  • Urdaila zaintzen du: Glutamina du, urdaileko nahasmenduak prebenitzen dituen antiazido natural eraginkorra. Era berean, duen zuntz (zelulosa) eta sufre kopuru handiaren eraginez, eragozpenak sor ditzake digestioan (hobe da gordinik kontsumitzea, egosita baino).
  • Sistema immuneari laguntzen dio: Dituen bitaminek globulu zuriak estimulatzen dituzte.
  • Arazgarria: Aza gorriak dohain diuretikoak ditu, duen potasioari eta sufreari esker.
  • Haurdunaldirako aliatu ona: Azido folikoa du, umekia hazteko eta haurdunaldiko diabetesa prebenitzeko funtsezko substantzia.

Sukaldean

Aza gorria gordinik kontsumi daiteke. Errazena eta ohikoena da entsalada batean birrintzea (alemaniar coleslaw delakoaren antzera), ozpin-olio batekin batera (trukua: pare bat orduz mazeratzen uztea, hotzetan).

Egosi edo gainerre ere egin daiteke. Kasu horretan, dituen bitaminak eta mantenugaiak gal ez ditzan, onena da su geldoan 40 minutu baino gehiagoz ez edukitzea. Patata errekin, haragiarekin, arrainarekin, tipularekin, fruitu lehorrekin… batera zerbitza daiteke.

Esan bezala, Gabon gaueko plater garrantzitsua da aza gorria. Tipulaz, olioz, errege-sagarrez, hirugiharraz, azukrez, gatzez eta piperminez prestatzen da madrildar bertsiorik ohikoena; nolanahi ere, bertsio ezberdin askotan (gustuen arabera) erabiltzen da madaria ere. “Lurra eta itsasoa” bateratzen dituen bertsioa proposatzen dizugu datozen jai hauetarako: Muskuiluak aza gorriz eta piper errez.

Modu batera zein bestera prestatu, BM Supermerkatuetan aurkituko dituzu aza gorri onenak.

Ba al zenekien…

  • Antozianinek (pigmentu flabonoide mota bat) ematen diotela duen kolorea aza gorriari?
  • Lurraren pH-ak eragin duela aza gorriaren kolorean? Zenbat eta azidoagoa izan substratua, orduan eta gorrixkagoa izango da ortuaria; lurzoru alkalinoetan hazten diren aza gorriek, ordea, kolore urdinxkagoa hartzen dute.
  • Bi astez ere kontserba daitekeela aza gorria? Zulatutako poltsa batean sartu behar da, hozkailuko barazkien tiraderan.
  • Kozinatzerakoan bere kolore gorrixka gal ez dezan, ongarri azidoren bat bota behar zaiola? Ohikoenak ozpina eta limoia dira.
  • Substantzien edo likidoen pHaren adierazle eraginkorra dela? Aza gorria egosterakoan geratzen zaigun urari (morea) likido azido bat botatzen badiozu, gorritu egingo da; oinarrizko soluzio batekin edo soluzio neutro batekin nahasten baduzu, urdindu edo berdetu egingo da. Etxeko txikiekin esperimentatzeko ortuari magiko bikaina da!
  • Aza gorri onena da testura irmoa duena, trinkoa eta pisutsua dena eta hosto dirdiratsuak dituena (kilo bat inguru).