Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Arrautza ekologikoak: kalitatezko esfera zaporetsu eta osasungarriak

Duela ez asko, jaki ez oso osasungarritzat jotzen ziren arrautzak. Dieta osasungarrietan ia baztertu egiten zen produktu hori, kolesterol kopuru handia izateagatik (400 miligramo 100 g bakoitzeko, ia kolesterol guztia gorringoan kontzentratuta). Hain zuzen ere, arazo kardiobaskularrekin ere lotu zen arrautzen kontsumoa. Hori, baina, ez da horrela, ezta gutxiagorik ere.

Gaur egun badakigu, ziur gainera, kolesterola eta koipe aseak dituen arren, arrautzak kontsumitzeak osasunerako onura ugari dituela: organismorako onuragarria den koipe poliasegabe proportzio handiagoa du, eta lezitina kopuru handia du, kolesterola arteriatan geratzea zailtzen duen lipido bat.

Deskubrimendu horiek aldatu egin dute orain dela urte gutxira arte arrautzei buruz genuen iritzia eta, gaur egun, dieta osasungarri batean erregularki kontsumitu beharrekojakia da. Gainera, askotariko erak eta osasungarriak ditugu arrautzak prestatzeko: tortillan, nahaskian, egosita, beteta, plantxan, labean, etab.

Berdinak al dira arrautza guztiak?

Arrautza mota ezberdinak daude, oiloak elikatzeko eta hazteko moduaren arabera; erraz bereiz daitezke, ontzian inprimatuta eta/edo oskolean bertan estanpatuta ageri den zenbakia begiratuta.

Dauden arrautza moten artean, nabarmentzekoak dira arrautza ekologikoak; EEE 2092/91 araudiak eraentzen du arrautza horien ekoizpena. Aske hazitako oiloen arrautzak dira; oiloon elikadura nekazaritza ekologikoko zereal-pentsuetan oinarrituta dago, ongarri kimikorik eta pestizidarik erabiltzen ez dituzten soroetan landutako zereal-pentsuetan, hain zuzen ere.

Oso pertsonala da zaporeari dagokionez dituzten aldeei buruzko iritzia. Funtsezko galdera da ba ote dagoen alderik prezio ezberdinetako arrautzen artean, haien nutrizio-balioei, sukaldaritzarako balioei eta osasungarritasunari dagokionez. Kontu horretan, bi alderdi daude:

  • Ez dago alde nutrizional eta organoleptiko esanguratsuak frogatzen dituen ebidentzia zientifikorik. Hau da, ez dago bestea baino osasungarriagoa den arrautzarik, denek eskaintzen baitizkigute mantenugai berak eta seguruak dira ikuspuntu mikrobiologikotik, denek gainditu baitituzte dagozkien kontrolak.
  • Beste aditu batzuek, berriz, argudiatzen dute oiloen bizi-kalitateak –batez ere oiloen elikaduraren kontrolak– hobetu egiten duela arrautzaren osaera nutrizionala, batez ere arrautzaren koipearen kalitatea eta edukia: koipe poliasegabe kopuru handiagoa, bai eta koipe horretan disolbatutako bitamina lipodisolbagarri kopuru handiagoa ere.

Behin datu horiek ezagutu, kontsumitzaile bakoitzaren aukera da zein arrautza mota kontsumitu erabakitzea. Hurrengo post batean azalduko dugu xehetasunez arrautzaren osaera nutrizionala.

Nola jakin arrautzak freskoak diren…

  • Oiloak arrautza jarri duenetik 28 egun baino gehiago igaro ez bada.
  • Arrautza irekitzerakoan gorringoa erdian baldin badago
  • Uretan sartzerakoan beheraino joaten bada (ez duelako airerik barruan)

Eta nola kontserbatu…

  • Etxera eraman bezain pronto, hozkailuan sartu behar ditugu.
  • Ez garbitu arrautzak hozkailuan sartu aurretik: suntsitu egiten da babesten dituen mintza. Gainera, oskola oso porotsua da, eta hezetasuna barrura sar liteke, eta kalitatea hondatu (horregatik egoten dira supermerkatuan hozkailutik kanpo).
Marta aguirre   Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa