Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Arrain-kontserbak: salbazioa jakitegian

Arrain-kontserbak gure jakitegietan egon ohi diren produktuak dira. Kontserbazio-teknika horretan, produktu fresko eta garbi bat ontzi batean ontziratzen da eta, ondoren, tratamendu termiko bat egiten zaio; horrela, produktua luzaroan baldintza onetan mantentzea lortzen da, hoztu beharrik gabe.

Nabarmendu behar da kontserben artean badagoela beste multzo bat, erdikontserbak, hain zuzen ere; ez dute esterilizazio-prozesurik jasaten, baizik eta, besteak beste, keztatze- edo gazitze-prozesuari esker kontserbatzen dira. Era horretako kontserbek denbora-aldi erabilgarri laburragoa dute, eta hotzetan gorde behar dira. Multzo horretan sartuko lirateke Kantauriko antxoak eta izokin ketua, adibidez.

Kontserbak gure dietan arraina sartzeko modu ona dira, eta ezaugarri onuragarri ugari dute. Kontserban jartzeak ez dizkie dituzten nutrizio-dohainak ia batere aldatzen, baina egia da gatz asko izaten dutela eta, beraz, tentsio arterial handiko pertsonek arrain freskoa jan beharko lukete, batez ere.

Latan

  • Proteinak: Arrainak kalitate oneko proteina ugari du (gure gorputzak sintetizatu ezin dituen eta, beraz, dietatik hartu behar ditugun aminoazidoak dituzte). Proteinak garrantzitsuak dira muskuluek behar bezala funtziona dezaten; baita odolean oxigenoa garraiatzeko eta ehunak defendatzeko eta birsortzeko ere, besteak beste.
  • Omega 3: Gantz-azido ugari dute, eta frogatu da lagungarriak direla arrisku kardiobaskularren aurrean babesteko; horrela, bada, gantz-azido horiek triglizerido-maila, tentsio arteriala eta hantura murritz dezakete, obesitatea eta diabetesa bezalako gaixotasun metabolikoekin lotuta dagoena. Efektu babesle hori, gainera, are handiagoa da oliba-olioa duten kontserbak aukeratzen baditugu.
  • Mineralak: Ba al zenekien kontserbako 100 gramo sardinak egunean behar dugun kaltzio kopuruaren erdia dutela? Hain zuzen ere, sardina kopuru horrek jogurt batek duen kaltzio kopuru bikoitza du. Iodoa, fosforoa eta selenioa ere baditu.
  • Bitaminak: B taldeko bitamina kopuru handia dute, energia eskuratzeko garrantzitsuak direnak. Arrain urdinek, gainera, bitamina lipodisolbagarri ugari du, A bitamina kasu, haurdunaldian eta edoskitze-garaian garrantzitsua dena, baita D bitamina ere, kaltzioa absorbatzen laguntzen duena –ikusi dugun bezala kopuru handian dago–, osteoporosia prebenituz.
  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista