
Sasoiko produktua
Aranak, aukera ugari eskaintzen duen zuntz-iturria
Batez ere heste-igarotzea errazteko duen gaitasunagatik da ezaguna arana; zuntz kopuru handia duelako da hori. Baina zapore garratz-gozodun fruta urtsu hori –garraztasun eta gozotasun proportzio orekatua du–, gorputzerako beste onura asko ere baditu, bai eta sukaldaritzarako aukera ugari ere, gozogintzarako bereziki.
Aranondoaren (Prunus domestica) fruitua da arana; prunus generokoa (mertxikondoa eta arbendolondoa bezala). Udaberriko eta udako fruta da (maiatzetik irailera), eta kolorearen arabera –horiak, morexkak, berdeak eta gorriak– sailkatzen diren ehun aran mota baino gehiago dago.
Kaloria kopuru txikia izateaz (50 kilokaloria 100 gramo bakoitzeko) eta ia batere koiperik eta kolesterolik ez izateaz gain, mantenugai kopuru handia eskaintzen du aranak, A, B, C, E eta K bitaminak eta sodioa, kaltzioa, potasioa, fosforoa, burdina, magnesioa eta zinka bezalako mineralak, besteak beste.
Ur kopuru handia du aranak (% 83); horri gaineratzen badiogu kaloria kopuru oso txikia duela, oso gomendagarria da argaltzeko dietetan. Energia-iturri bikaina da (11 bat gramo hidrato) eta, gainera, oso onuragarria nerbio-sistema, immunitate-sistema eta kardiobaskularra zaintzeko (antioxidatzailea), eta anemiari aurre egiteko bikaina (burdina, eta hori xurgatzen laguntzen duen C bitamina).
Nola jan aranak
Beste edozein fruta bezala, gosaritan, askaritan, otordu-tartetan edo azken-buruko modura,daudenetan jateaz gain, oso ohikoa da aranak gozogintzako errezetetan erabiltzea: bizkotxoak, muffinak, flanak, marmeladak, etab.
Horretarako, egokiena aukeratzea komeni da, bakoitzaren zaporea kontuan hartuta: horiak garratzagoak dira, gorriek eta beltzek ukitu gozoxeagoa izaten dute eta, berdeak dira, azkenik, gozoenak.
Aran lehorrak ere oso ohikoak dira haragiekin batera zerbitzatzeko edo saltsak prestatzeko. Freskotan, oso ondo datorkie entsaladei ere, konbinazio ona egiten baitute ukitu mikatzeko era guztietako barazki eta ortuariekin, fruitu lehorrekin edo beste fruta batzuekin, sagarrarekin esaterako.
Hona hemen zure gonbidatuak zur eta lur utziko dituen azken-buruko goxo-goxo bat prestatzeko proposamena: aran-sorbetea, limoiz eta cavaz. Fruta honi eta sasoiko beste fruta eta barazki batzuei buruz gehiago jakin nahi baduzu, etor zaitez BM Supermerkatuetako fruta-dendetara!
Ba al zenekien…
- Jogurtari aranak gehitzea konbinazio oso ona dela idorreriari aurre egiteko? Gau osoan aranak uretan utzi eta, goizean, horiek jan eta ura edatea ere ona dela?
- Arana fruta arazlea dela?