Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Ananak boladan daude, eta ez dekorazioan bakarrik

Batidoan, zukuan, xerratan edo zatituta, baita era guztietako plateretako osagai nagusi gisa ere: entsaladetarako, zopetarako, bizkotxotarako, konpotatarako… (pizzetan ere aurkitzen dugu eta!); osasunerako oso onuragarria da anana, eta urte osoan kontsumi dezakezun fruta da. Zergatik ez diozu uda-ukitu bat ematen neguari, anana zure dietan sartuta?

Kanpoko itxura oso erakargarria ez duen arren –azal gogorra eta hosto arantzatsuak–, barrutik oso atsegingarria da: urre-koloreko mami distiratsua dauka, eta zapore gozo eta urtsua. Horregatik lortu du ananak –“fruta bikaina” esan nahi du ananak lantzen diren lurraldeetako indigenen hizkuntzan– toki garrantzitsua hartzea mundu mailako gastronomian.

Erdialdeko Amerikako zonan du jatorria, baita Hegoamerikan ere. Beraz, fruta tropikala da anana –guanabana, mangoa, ahuakatea eta marakuia bezala– eta Ananas Comusus deritzon landaretik sortzen da; landare hori bromeliazeoen familian sartzen da.

Hain zuzen ere, bromelina da, ananak duen entzima proteolitiko bat, fruta honek eskaintzen dizkigun onura gehienen arduraduna. Substantzia horrek dohain desintoxikatzaileak, arazgarriak, digestio-laguntzaileak, diuretikoak, hantura-kontrakoak eta tronbosi-kontrakoak ditu besteak beste, Marta Aguirre mediku nutrizionistak azaldu digun bezala.

Alde batetik, proteinak eta aminoazidoak errazago xurgatzen laguntzen du; hau da, mantenugaiak metabolizatzen laguntzen du.Bestalde, bromelinak digestioa hobetzen du; urdaileko hantura edo pisu sentsazioa arintzen du, beraz, oso gomendagarria da azkenburukoan anana kontsumitzea.

Hainbat azterlanen arabera, gainera, babesle kardiobaskular bikaina da, plaketak elkartu eta tronboak osatzea eta horiek horma baskularretara itsastea galarazten du; minbiziaren aurkako elementu eraginkorra ere bada. Osagai horrek tumore- eta metastasi-zelulen ugalketa eta urdaileko minbiziaren arrazoi nagusietako bat diren nitrosaminen ekoizpena eragozten du.

Hori bai, kontuan izan behar da bromelina galdu egiten dela berotasuna aplikatzerakoan, beraz, askoz osasungarriagoa da anana modu naturalean jatea. Gainera, elementu horren kontzentraziorik handiena ananaren bihotzean dago, eta zati hori askotan bota egiten dugu, gogorra delako.

Pisua galtzeko ezin hobea

Baina batez ere pisua kontrolatzeko dieta gehienetan funtsezko elementuetako bat izateagatik da ezaguna anana. Kontuan izan behar da % 87 ura dela, eta oso kaloria gutxi duela: 50 kcal 100 gr bakoitzeko, eta ia % 0 gantz eta kolesterol.

Fruta honen beste ezaugarrietako bat da bitamina C (15 mgr), B3 (0,4 mgr) eta azido foliko (10 mgr) asko duela, bai eta mineral ugari ere, hala nola potasioa (175 mgr), magnesioa (16 mgr), kaltzioa (14 mgr) edo manganesoa (1,6 mgr).

Azken mineral hori emakumeen zein gizonezkoen ugalketa-zelulen (obuluak eta espermatozoideak) eraketan esku hartzen duen oligoelementua da; beraz, gomendagarria hozi-zelulen gutxiegiko eraketagatik ugalketa arazoak dituztenen kasuan.

Anana bat aukeratu eta kontsumitzerakoan, ziur egon behar gara baldintza onenetan dagoela. Ohikoena izaten da koroako erdiko hostoetako batetik tira egitea, helduta dagoela egiaztatzeko: hostoa erraz ateratzen bada, horrek esan nahi du jateko puntu-puntuan dagoela. Beste trikimailu bat da oinarria ondo behatzea: zukua botatzen badu oso helduta dagoen seinalea; edo usainari erreparatzea: batere usainik botatzen ez badu, oraindik heldu gabe dagoen seinale.