Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Agurtu ezazu berdelaren sasoia osasunez eta zaporez

Berdela atunaren familiakoa da, eta oso ohikoa da Mediterraneo osoan, Itsaso Beltzean eta Atlantikoan. Duen koipegatik, arrain urdin gisa sailkatzen dugu eta, dakigun bezala, astean behin edo bi aldiz kontsumitu behar da arrain mota hori, osasun kardiobaskularrerako onak diren gantz asegabeak baititu.

Erraz bereiz dezakegu berdela: gorputz luzanga du, mutur zorrotza eta begi handiak. Duen kolorea ere berezia da; turkesa kolore metalikoko bizkarraldea du, zerrenda ilunak eta sabel zuria. Berdel aleak aukeratu behar dituzunean, izan daitezela ale ez oso handiak, eta azal distiratsu eta irmodunak.

Itsaso zabalean bizi da arrain barietate hau, sarda handitan, baina negu amaiera edo udaberri hasiera aldera, kostaldera hurbiltzen da arrautzak jartzera (200.000-400.000 arrautza). Ondoren, banandu egiten dira arrain-sardak, eta janari bila irteten dira; une horretan harrapatzen dituzte arrantzaleek, otsaila eta maiatza bitartean.

Berdela: merkea eta osasungarria

Arrain merkea izateaz gain, oso estimatua da gure kostaldeko kai eta arrain merkatuetan, funtsezkoa baita itsasoarekin lotutako ekonomian. Mutrikun, esaterako, Berdel Eguna ospatzen dute apiril hasieran, nahiz eta aurten ez-ohiko moduan ospatzea tokatu zaigun.

Halaber, osasunerako onura ugari ditu berdelak, eta oso moldakorra da sukalderako; beraz, komeni da berdel sasoiaren azken txanpa aprobetxatzea. Hona hemen berdelaren onura nagusien laburpena:

  • Omega 3 gantz-azidoak: Gantz-azido poliasegabeak ditu, EPA eta DHA kasu; odoleko kolesterol- eta triglizerido-mailak murrizten dituzte, arterietan ateroma-plakak eratzea (arterosklerosia) saihestuz.
  • B taldeko bitaminak: B2 eta B3 bitaminak, nerbio-sistemak ondo funtziona dezan laguntzen dutenak; B6 bitamina, globulu gorriak eratzen eta energia sortzen parte hartzen duena; eta B12 bitamina, zelulen hazkundea eta garapena bultzatzen duena.
  • Bitamina lipodisolbagarriak: Arrain koipetsua denez, A, D eta E bitamina kopuru handia du. Hezurretan, larruazalean eta hortz-haginetan dago A bitamina; ikusmenerako lagungarria da, gainera. D bitamina beharrezkoa da gorputzak kaltzioa ondo xurga dezan, eta antioxidatzaile gisa jarduten du E bitaminak.
  • Mineral esentzialak: Tartean ditugu, esaterako, selenioa eta iodoa, funtsezkoak tiroideak ondo funtziona dezan; potasioa eta magnesioa, giharrak martxan mantentzen dituztenak; burdina, oxigenoa odolean hobeto garraiatzeko; eta fosforoa, hortzak eta hezurrak indartu eta energia-metabolismoan parte hartzen duena.

Sodioa eta azido urikoa  

Berdelaren eragozpen bakarra da sodio eta purina kopuru handia duela. Elikagaietan dauden osagaiak dira purinak, eta gure organismoak ere sortzen ditu; degradatzen direnean, azido urikoa sortzen dute. Horregatik, berdela ez da gomendagarria hiperurizemia (azido uriko maila handiak odolean: 7 mg/dL gizonetan eta 6 mg/dL emakumeetan) eta/edo hezueria (gota) duten pertsonentzako.

Egiatan, odolean metatutako azido urikoa gehiago dator gure organismotik jaten ditugun elikagaietatik baina; hala ere, eta beti bezala, lagungarria izan daiteke ondo elikatzea. Kasu honetan, arrain zuriak (legatza, oilarra, urraburua, bisigua, erreboiloa, etab.) lehenetsi behar ditugu, etorkizunean arazoak saihesteko.

Sodio kopuruari dagokionez, kopuru handi samarra du beste arrain fresko batzuekin alderatuz gero; horregatik, neurrian jan beharreko arraina da, hipertentsioa duten pertsonen artean. Nolanahi ere, ez du gehiegizko kopururik beste jaki batzuekin alderatuta (hestebeteak, haragi-kontserbak, gazta…).

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista