Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Ez, gero, bota: aprobetxa ditzakezun barazki zatiak

Produktu freskoak erosten dituzunean eskaintzarik onena eta kalitatezko produktuak bilatzen badituzu, zergatik botatzen dituzu zure platerei ukitu berezia emateko erabil ditzakezun zatiak? Normalean zakarrontzian amaitzen duten barazki eta ortuari askoren hostoak, zurtoinak, enborrak, azalak eta sustraiak jangarriak dira erabat, eta aprobetxa daitezke sukaldean.

Izan ere, goxoak izateaz gain, atal horietako batzuek mantenugai ugari ere izaten dituzte. Are gehiago, kasu batzuetan, botatzen ditugun barazki eta ortuari zatiek eskuarki erabiltzen ditugunek baino bitamina eta mineral gehiago dute (adibidez, errefauen hostoek sustraiak baino kaltzio, C bitamina eta burdin kopuru handiagoa dute. Gauza bera gertatzen da azenarioekin, horien hostoek laranja koloreko zatiak baino sei aldiz bitamina gehiago dute).

Atal horiek aprobetxatzea, osasunerako eta poltsikorako ona izateaz gain, bat dator sukaldaritza jasangarriaren eta aprobetxamendu-sukaldaritzaren ideiarekin.Jarraian, bota behar ez zenituzkeen barazki eta ortuari atal batzuk aurkezten dizkizugu, eta horiek nola erabili azaldu:

Porrua:hostoak eta sustraia

Hitz egin genuen behin porruaren hostoek sukaldaritzarako dituzten aukerei buruz. Ezin hobeak dira barazki-saldak, kremak, frijituak, salteatuak edo eltzekoak aberasteko.  Eta fin-fin ebakitzen badituzu, zopak eta entsaladak apaintzeko erabil ditzakezu.

Halaber, kremak apaintzeko kurruskari orijinal modura aprobetxa daitezke porruen sustraiak, bai eta haragien edo arrainen garnizio modura, edo barazki-betegarrietarako ere. Hori bai, ondo garbitu behar dira lehendabizi (hobe da beratzen uztea eta ura hainbat aldiz aldatzea).

Erremolatxa:hostoak eta zurtoinak

Erremolatxaren hostoak ziazerben edo zerben oso antzerakoak dira. Zapore suabea dute, eta zurtoinak ez dira oso haritsuak. Gordinik kontsumi daitezke entsaladan, bai eta salteatu, tortilla eta irabiakietan ere, edo lekale-eltzekoetan, zopa edo gisatuetan.

Brokolia:  zurtoina

Brokoliaren zurtoina zuritzen baduzu, barrualdea samurra duela eta, egosiz gero, brokoliaren gainerako atalekin batera jan dezakezula ikusiko duzu. Zopa edo kremak egiteko erabil daitezke, baita txikituta salteatuetan edo labean erreta ere.

Errefaua/azenarioa:hostoak

Finak dira, baina zapore nahiko bizia dute. Platerak ontzeko zerbitza daitezke, perrexila, albaka edo martorria bailitzan; saltsak, tortillak, zopak edo saldak prestatzeko ere erabil daitezke.

Kuia/kuiatxoa/luzokerra/patata:azala 

Barazki askoren azala jangarria eta elikagarria da. Kuiaren, kuiatxoaren eta luzokerraren azala horiekin prestatutako purea egiteko aprobetxa daiteke. Halaber, barazki horien zein tuberkuluen azala frijitu edo labean presta daiteke, olio, gatz eta espezia pixka batekin, aperitibo goxo eta osasungarria lortzeko. Hori bai, gogora ezazu ondo garbitu behar direla.

Orburua:hostoak eta zurtoinak

Orburuen bihotzak altxor gastronomikoa dira, baina kanpoko hostoak eta enborra ere (ondo zurituta) jan daitezke. Egosita, saldak aberasteko eta barazki-kremetarako erabil daitezke. Salteatu ere egin daitezke, baratxuriz eta olioz. Iradokizun bat: orburu salteatuak ozpinetakoekin. Egin ezazu proba, gehitu zurtoinak, ondo zurituta eta garbituta.

Ilarrak/babak:lekak

Beste barazki batzuekin batera egos daitezke, kremak edo saltsak egiteko. Erre edo salteatu ere egin daitezke, edo tortillei eta entsaladei gehitu edo garnizio modura erabili. Zer iruditzen zaizu baba eta urdaiazpiko plater goxo bati botatzea?

BM Supermerkatuetan, zure esku jartzen ditugu sasoiko barazki eta ortuaririk onenak.

Zakarrontzian amaitzen duten mantenugaiak

Barazki eta ortuari atal horiek botatzen dituzun aldiro, mantenugai asko alferrik galtzen duzu.

  • Porruak (hostoak/sustraiak): A eta C bitaminak; magnesioa eta zuntza.
  • Erremolatxa (hostoak/zurtoinak): A eta K bitaminak; burdina eta kaltzioa.
  • Brokolia (zurtoina): proteinak, zuntza, kaltzioa eta burdina.
  • Errefaua/azenarioa (hostoak): A eta C bitaminak; burdina, kaltzioa eta potasioa.  
  • Kuia/kuiatxoa/luzokerra/patata (azala): zuntza.
  • Orburuak (hostoak eta zurtoina): zuntza.
  • Ilarrak/babak (lekak): proteinak eta zuntza.