Errege-erroska perfektua egiteko trikimailuak eta aholkuak
Ziur aski egunak daramatzazu sukaldean frogak egiten, Errege Egunean Errege-erroska ezin hobeto atera dagizun. Zure helburua lortzen lagunduko dizugu, hainbat trikimailu eta aholku emango baitizugu, zure Errege-erroska bizilagunen erkidegoko inbidia izan dadin.
Pazientzia eta maitasun handia behar da Errege-erroska egiteko; horregatik, lehenik eta behin, lasaitasunez jokatzea eta positiboa izatea gomendatzen dizugu. Errege-erroska egiteko, beharrezkoa da aldez aurretik entrenatzea; oro har, lehenengoa ez da ondo ateratzen. Baina ez etsi, ziur hurrengoak ondo aterako zaizkizula!
Presta ezazu tenperatu atseginean
Oso garrantzitsua da sukaldean tenperatura baxuegia ez egotea, ez dezala hotzik egin. Egokiena da tenperatura atseginean jardutea, giro epelean, hori oso garrantzitsua baita masak atseden hartzen duen denboran. Hotz egiten badu, masari kosta egingo zaio igotzea. Funtzionatu ohi duen trikimailu bat da sukaldeko labea 40-50 ºC-tara berotzea eta, epeltzen denean, masa barruan sartzea atseden har dezan, hartzidura-prozesua azeleratzeko.
Kalitatezko osagaiak, eta giro-tenperaturan!
Agerikoa dirudi, baina kalitatezko osagaiak erabiltzea lagungarri izango zaizu Errege-erroska prestatzeko. Eta garrantzitsuena: gogora ezazu osagai guztiek giro-tenperaturan egon behar dutela.
Indar irina eta okin-legamia
Indar irina gozogintzan eta okintzan asko erabiltzen den osagaia da, eta batez ere apur samurragoak eta harroagoak lortzeko erabiltzen da. Beraz, indar irina ezinbestekoa da zure Errege-erroska samurra eta harroa izan dadin, ez dute balio sukaldaritzan erabiltzen diren irin tradizionalek. Ez du balio edozein legamiak ere; erroska egiteko legami lehorra erabili behar da, okin-legamia ere deitzen zaiona.
Prestatzeko eta atsedenerako denborak errespetatzea
Oso garrantzitsua da zorrotz jarraitzea Errege-erroskaren errezetaren urrats guztiak. Prestatzeko denborak eta, batez ere, atsedenerako denborak funtsezkoak dira prestaketa perfektua izan dadin. Jar iezaiozu arreta berezia erlojuari.
Nola egin erdiko zuloa?
Ohikoena da gozogintzako molde berezia erabiltzea, erdiko zuloa itxi ez dadin, baina erabil dezakezu edalontzi bat edo aluminio-paperaz egindako bola bat ere, betiere olioz igurtzita, ez dadin itsatsi. Bururatzen zaizun edozer gauza erabil dezakezu, baina gogoratu labeko berotasuna jasateko gai izan beharko dela.
Noiz sartu behar da ezusteko oparitxoa?
Errege-erroskari forma eman ondoren, eta hartzitu eta labean sartu aurretik. Horixe da baba, iruditxoa edo bururatzen zaizun hori –betiere film-paperean bilduta– sartzeko unea.
Espero dugu trikimailu eta aholku hauekin Errege-erroska goxoa aterako zaizula; baina, badaezpada ere, gure errezeta emango dizugu, lana errazteko: