Zainduz Bizi Kids
ELIKAGAIAK SARTZEKO JAKIN BEHARREKOAK Otorduak familiartean egin: haurrek beren inguruneko helduen jokabideak antzeratzen dituzte. Nola janaraziko dizkiegu barazkiak inoiz ez bagaituzte barazkiak jaten ikusi? Denei menu bera eskaini (intolerantziaren eta alergien kasuan izan ezik): okerrik ohikoena da, eta ondorio negatiboak izaten ditu etorkizunean. Izan ere, haurrak gustuko duena baino ez du jan nahi izango, eta aukerak murrizten badira, zaila izango da dieta orekatu bat eramatea. Haurrei sukaldean aktiboki parte hartzen utzi eta haien inplikazioa bultzatzea: erosketak egiten laguntzea, zeregin sinpleak egitea (hala nola mahaia jartzea, arrautza bat irabiatzea, zerbitzatzen laguntzea) eta abar, adinaren arabera eta ikuskapenpean. Elikagairik gustukoenak baztertzen direnekin nahastu: era horretan, errazagoa da zapore eta testura desberdinak probatzera animatzea. Janariarekin ez zigortu eta ez saritu: janaria ez da emozio batekin lotu behar. Adibidez: barazkiak jaten badituzu, postrea emango dizut. Zorionak azterketa gainditu izanagatik, postrea merezi duzu! Telebista, tableta eta mugikorra ez daude menuan sartuta: jateak ekintza kontzientea izan behar du. Elikagaiak modu erakargarrian mahairatu: erabili koloreak eta aurkezteko modua; janaria begietatik sartzen da lehenik eta behin! Ez behartu jatera: saihestu tirabirak mahaian, eta saiatu haurrak plateren aurrean fobiarik izan ez dezan. Janari kantitate txikian eskaini: bolumenez baliatu! Hobe da plater handi bat janari gutxirekin mahairatzea (eta goseak jarraituz gero gehiago eskatzea) gainezka egiten duen plater bat mahairatzea baino, haurra itota senti baitaiteke. Otorduen ordutegia planifikatu: otorduen ordutegia presarik gabe jateko marjina nahikoarekin finkatu behar da. Nori gustatzen zaio erlojuari begira jatea? Elikagaiak eta emozioak ez lotu: adibidez: ostirala denez gero, txokolate- ogitartekoa. Otordu artean janaririk ez eman: otordu artean beharrezkoak ez diren elikagaiak jaten baditu, seguruenik ez da gose izango mahaian. Elikagai berriak pixkanaka sartu: elikagai berri bat plater bakoitzeko; gustatzen ez bazaio, mahairatu beste modu batean handik 3-4 egunera. Ez da gauza bera elikagaiaren zaporea gustukoa ez izatea edo testura gustukoa ez izatea.
Made with FlippingBook
RkJQdWJsaXNoZXIy NzY2OTE=